Alaitz Badiola eta Xanti Azurmendi

uztarria.com1 2007ko abe. 20a, 13:30
Alaitz Badiola eta Xanti Azurmendi
Datorren igandean, abenduaren 23a, izango da Ikasberri Kirol Elkartearen X. Krosa. Azken prestaketak egiten ari dira antolatzaileak.

1. Lan asko suposatzen al du hori antolatzeak?
Miren

Bai, dezente. Pare bat hilabete aurretik hasten gara laguntzaileak-eta bilatzen... Gero, materiala lortu, kartelak atera, ikastetxe eta kirol elkarteetara informazioa bidali... Eta egunaren bezperan ere lan ugari izaten da: zirkuitua muntatzen, gehienbat. Eguna bukatzean, berriz, muntatutako dena atzera berriro jaso egin behar. Gauza txiki asko agertzen dira lotu beharrekoak.

2. Goenako kanpa baino leku hoberik ez al dago?
Mireia

Egon bai. Adibidez orain Loilan etxebizitzak egiten ari diren gune horretan saiatu ginen baina lurjabeak ez ziren ados agertu. Basilika atzeko terrenoak ere egokiak ikusten baina jesuitekin harremanetan jarri ondoren, ezezkoa eman ziguten. Ikastola atzean ere saiatu ginen baina hor ere ezezkoa. Herritik zenbat eta hurbilago egon guri ere egokiagoa iruditzen zaigu, baina ikusita ezezkoa jasotzen dugula erantzun bezala, Goenan egiten dugu. Gainera jarrera ona agertzen dute hango lurjabe eta zerrategiko arduradunek.

3. Krosari beste maila bat ematea pentsatu al dezue?
Aitor

Gure helburua beti izan da Euskal Herri mailako atletarik hoberenak bertan izatea. Lasarte edota Elgoibarko krosak bezalakoak antolatzeak beste aurrekontu, tramite... eskatzen ditu. Gaur egun daukagun aurrekontua 10.000 euro ingurukoa da eta horrelako antolakuntza batek 70.000- 80.000 euroko aurrekontuaren bueltan ibiltzen dira. Lehendik ere dugun aurrekontu horrekin nahiko lanekin ibiltzen gara, beraz, daukagunari heldu behar.

4. Zenbat balio du sarrerak?
Joxemai

Sarrera doakoa da eta salda beroa ere bai.

5. Zein azpeitiar atletak dauke etorkizun onena?
IƱaki

Infantilen kategorian, herri mailan, Leire Manzisidor ibilbide polita egiten ari da azken bi-hiru urtean. Helduagoetan, Xabat Manzisidor-ek ere baditu dohainak. Bera horretara dedikatuko balitz etorkizun oparoa izango luke atletismo munduan.

6. Gaztetxoak animatzen al dira Ikastolako atletismoko taldera?
Idoia

Bai, animatzen dira. Ikasturte hasieran eskaintzen zaie izen-emateko aukera eta urtero animatzen da norbait. Gaur egun, zazpi gaztetxo badabiltza astean entrenamendu bat eginez eta asteburutan krosetan parte hartuz.

7. Urtetik urtea parte hartzeak gora egin al du?
Nora

Lehenengo pare bat urtetan agian zertxobait gora egin zuen. Gero, normalean, mantendu egin da. 500 bat parte-hartzaile izan ohi dira urtero.

8. Zenbat parte hartzaile espero dituzue?
Nekane

Eskolartekoak eta federatuak, guztiak kontatuta, 500 bat lasterkari. Gehiago etortzen badira onartuak izango dira.

9. Beti ere neska gutxiagok hartzen dute parte lasterketetan. Zergatik dela uste duzue? Egoera ari al da aldatzen?
Mireia

Oro har gizonezkoetan ere jaitsi egin da parte-hartzea. Hala ere, beti ibili dira emakume gutxiago. Kirola bera gogorra da eta taldekako kiroletan parte-hartzea nahiago dutelako, akaso. Gizonezkoen kasuen ere berdina gertatzen ari da. Azkenean, komunikabideek eurek ere bideratzen dute hein handi batean zein kirol praktikatu, eta futbolak, pilotak eta saskibaloiak agintzen dute, gaur egun.

10. Azpeitiarrek maila ona erakutsiko dutela pentsatzen al duzue?
Aner

Podiuma egiteko modukorik ez dugu ikusten, egia esan. Baino gerra emango duten batzuk hor ibliko dira.

Agurra

Eskerrik asko bidalitako galderengatik. Ahal den neurrian saiatu gara erantzuten eta guztiok igandean lasterketara joateko animatzen zaituztegu. Azpeitian dagoen afizioa ikusita, ea jende dezente azaltzen garen. Agur eta igandera arte!