Mikel Labaka

uztarria.com1 2007ko mar. 16a, 18:00
Mikel Labaka
Ez dira garai gozoak Errealarentzat. Espainiako Lehen Mailako sailkapeneko azken postuetan dabil, eta 40 urte pasatu eta gero, berriro Bigarren Mailan joka dezake.

1. Garai batien nere irakaslie izen hitean karmelo etxegarain pruebak iten. Zeatik aukera huan fuolisti izetie ta ez irakaslie?
axi

Irakasle praktikak egiten ibili nintzen garai hartan ere jokatzen nuen futbolean. Futbolean aurrera egiteko aukera izan dut, baina etorkizunean batek daki, nik ez dut irakasle izateko aukera baztertzen.

2. Athletic-ek deituko balizu?
Labeko

Realean ibili izan naiz 16 urte nituenetik, eta oso gustora nago bertan. Ez naiz sekula "anti-athletic" horietakoa izan, alderantziz, euskal taldeak goian ikustea beti izan dut gogoko. Baina, esan bezala, Realean gustora nago, eta bertan jarraitu nahi dut.

3. Itekenaatik merezi al dek hainbeste diru irabaztie?
batemat

Futbola kirol hutsa izatetik mundu mailako negozio ikaragarria izatera pasa zen aspaldi. Gizarte honetan aberastasunen banaketan dagoen desorekaren adierazgarriak dira futbolari gehienon soldatak ere. Hori ukaezina da. Baina, hala ere, inork ez dezala pentsa Ronaldinhoren pare irabazten dugunik!

4. Aranburu ta biok batera joaten al zerate Zubietara Azpeititik? Bidaiko anekdotarik?
Andoni

Bai, egunero elkarrekin egiten dugu joan-etorria. Anekdotak?berezirik ez egia esan. Kotxea txandatuz eramaten dugu, eta behin baino gehiagotan egon izan gara biok kotxe banatan, bata bestearen etxe aurrean egun berean eta ordu berean elkarren zain "gaur nei tokatze zitek eta hau nun ote dao?" pentsatuaz...holakoxe batzuk, besteik ez.

5. Ziur aski errealak aurten jeitsiko dela zer moduz dago giroa zuen artean eta nola ikusten duzue jeisteko posibilitatea??
bilbotarra

Geure artean beti izan dugu giro ona, eta orain ere halaxe daukagu. Denok jakitun gara egoera zailean gaudela, baina hau aurrera aterako dugunaren itxaropen osoa dugu. Badakigu, gauzak ez ditugula ondo egin, horregaitik gaude gauden tokian, baina oraindik partida asko geratzen dira jokatzeko. Ez dugu etsi, ez dugu etsiko.

6. aupa Mikel. Lehenengo ta behin animuek, nahiz ta azkenaldiyen ezin detan Anoeta jun, ahal detan mouen lagunduko zoat taldiei. Aber bueltatze naizeneako hi ai haizen jokatzen titular bezela. Nere galderie ondokue dek: Sanse hain ondo dijuen bitartien reala hain gaixki junda, nola dek posible ein dien fitxaketak kanpuen eitie? Ez al zaik iruitzen egokiyoue izengo zala etxekuei aukerak ematie (Sansen daudenak, jokatzen ai etzeatenak eta utzita beste taldietan ai dienak kontauta), oin daon direktibiek hauteskunde kanpainan esantzun bezela? Besteipe, eskerrikasko ta suerte pertsonalki ta taldientzat.
xabi

Eskerrikasko animoengatik, Xabi! Ni beti izan nauk, ahal den neurrian, etxekoez osatutako Realaren aldekoa. Gu hor bagaude, egunen batean aukera eman zigutelako dek. Sansekoei aukerarik ematen ez bazaie sekula ezingo ditek ezer demostratu. Hala ere, gauden egoeran, eztabaida hori bigarren plano batean utziko nikek, orain atera dezagun hau aurrera. Baina, bai, Reala bezalako talde batean, nere ustez, beharrezkoa dek aurrera eramango den politika garbi zehaztua izatea.

7. Bueno, pentsatzeiat beste batenbatek'e galdeukoikela, baiño hemen ziek: Zer iruitze zaik Oleguer Presas-ekin gertau dana?? Iritzi artikulu batengatik Kelme etxiek kontratue puskatzie, kluben barrutik euki ditun kritikak... Eta azken finien bere artikulue ez huan hain agresibue. Beste batek idatzitako liburu bateko datuek zitau besteik etzian eiten, zuzenki inor akusau gabe. Ondo segi
xabi

Kelmeren jokabidea ikusita, badirudi, futbolariok futbolean jokatu, jakineko marka batzuren propaganda egin (kontsumismora bultzatuz) eta eritzi propiorik gabeko pertsonak izan behar dugula. Hori da, dirudienez, eman behar dugun "eredua".
Oleguerrek eritzi artikulu hura idatzi izana oso ondo ikusten dut. Nork ez du zalantzan jartzen "zuzenbide estatu" hau? baina dirudienez, zalantza horiek munduko futbol talderik onenean (edo onenetako batean) jokatzen duen jokalari batek publikoki adieraztea kaltegarria da, ez da "eredugarria".

8. Aupa, Mikel. Hire argazkia ikusi diat Milakabilakaren web gunean. Aurkezpen egunekoa huen. Zer iritzi duk milakabilakari buruz?
Kepa

Ekimen interesgarria dela uste dut. Eta, sentsazioa daukat, lehenagotik martxan jarri izan balitz, gauza positiboak aportatuko zizkiola bizi dugun egoerari.

Nire ustez, herritarrok, bakoitzak bere neurrian, parte izan behar dugu hainbestetan aipatzen ari garen "bake prozesuan". Ezin gara politikariek zer erabakiko dutenaren zain egon, eta gauzak okertzen ikusten ditugunean martxan jarri. Gauzak bide zuzenetik joan daitezen, uneoro egin behar dugu geure ahalegina,presioa, eta politikariei, behingoz, urte luzeetako gatazkaren konponbidea exijitu. Horretarako, Milakabilaka ekimenak egiten duen bezala,indarrak pilatzea beharrezkoa dela uste dut.

Gatazkaren konponbidean, Euskal Herritar guztion eskubideak, Euskal Herri osoan errespetatuak izatea gutxieneko baldintza dela uste dut nik ere.

9. Espainiako selekziotik deituz gero baiezkoa emango al zenuke?
pantxo bila

Euskal Herriko selekzioa da nik, neure sentitzen dudan selekzioa. Eta, Euskal Herriko selekzioak txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukera izatea da niri gustatuko litzaidekeena.

Bide luzea dago egiteko, baina behar den lekuetan (federazioak, jokalariak, politikariak...) aurrera egiteko borondatea baldin badago, lortu daitekeela uste dut.

10. larunbat goizetan joaten al zara umeen partiduak ikustera?
lourdes

Larunbat goizetan entrenamendua izaten dugu, beraz ez. Baina, ahal dudaneta, gustatzen zait Lagun Onak-en partiduak ikustera eta joatea.

11. 40 bat urterekin nola ikusten duzu zure burua?
arkonada

Galdera ona!auskalo! Gutxien-gutxienik fisikoki kirola egiteko moduan egotea espero dut. Futbolari asko geratzen dira, golpeen edo ebakuntzen ondorioz nahiko kolokan geratzen direnak eta!

Gainontzean, lehen-hezkuntako eta kirol-hezkuntzako ikasketak eginak ditut, baina...auskalo!

12. Nola dago euskara Realeko aldageletan? eta zuzendaritzan?
brijida

Aldageletan, aurtengo urtean behera egin du euskarak. Atzerritarren kopuruak gora egin du, eta hauekin gazteleraz hitz egiten dugu (inork ez du euskaraz ikasi eta). Euskaldunon artean beti egiten dugu euskaraz.

Zuzendaritzan ere antzera dago kontua. Batzuk egiten dute, besteak ez (erdi ta erdi edo).

13. Benga, busti. Bigarran mailara jaitsiko al zarete? Bai edo ez? Eta jaitsiz gero, zu geratuko al zara realean? Eta Aranburu?
apustuzale

Lehentxeago esan bezala, ni baikorra naiz eta, bai, mailari eutsiko diogula uste dut.

Nik beste 2 urtetarako kontratua dut Realean, eta egia esan, niretzako sorpresa haundia izango litzateke bertan ez jarraitzea.

Aranburu? hori berak erantzun beharreko galdera da. Nik, dudarik gabe, bera Realean geratzea nahi nuke. Mikelek, duela gutxi esan berri du prentsan, bere burua datorren urtean ere Realean ikusten duela. Klubak ere hala nahi izatea da logikoena, beraz, ez dut uste arazorik egongo denik.

14. Zaletuei zerbait esateko bai?
martin

Batez ere azken partidetan zaletuak Anoetan izaten ari diren portaera azpimarragarria da. Jokalariok, zelaitik, beraien babesa somatu egiten dugu, eta hori eskertzekoa da. Beraiek (zaletuak) dira, aurtengo denboraldian maila ematen ari diren bakarrak...

15. ikasketak eta futbolas gain,beste lanibiderik izan al duzu iñoiz???
bat

Txikitatik ibili izan naiz futbolean (eta ikasketetan ere bai, noski). Futbolaren ibilbideak orain nagoen lekuraino eraman nau, eta oraingoz, ez dut beste ezertan lanik egin.

16. Zer sentitzen da real madrideko "galaktikoen" aurka jokatzean? Beckam, Ronaldo, Robinho...
eneko

Behin partida jokatzen hasita, neure lanean gehiago zentratzen naiz. Halere, duten maila kontutan hartuta uneoro kontutan hartu beharreko jokalariak dira. Aurrean izan ditudanetan, beraiei irabaztea izan da buruan izan dudan helburu bakarra.

Agurra

Saiatu naiz zuen galderak ahalik eta zuzenen erantzuten. Eskerrikasko galderak egitera animatu zareten guztioi eta baita Uztarria-ri ere, eman dida aukeragatik.

Beste bat arte!