Nagore Aranburu

uztarria.com1 2005ko ira. 22a, 16:00
Nagore Aranburu
Nagore Aranburu aktore eta gidoilari azpeitiarrak lan ugari egin du antzerki eta telebistan. Udan, Zeru horiek filma grabatzen aritu da Katalunian Aitzpea Goenagaren agindupean. Zeru horiek, Bernardo Atxagaren lan batean oinarritutako filma da: bertan, Irene, Nagore Aranbururen pertsonaia, da protagonista.

1. Sorginen Laratzan gidoilari lanetan ibili zinen, orain Wazemank-eko gidoilaria zara, zure burua non ikusten duzu gehiago kameren aurrean edo atzean?
Txomin

Bietan ibiltzen naiz gustura. Ez nuke jakingo aukeratzen. Lana ateratzen bada, biekin jarraitzea gustatuko litzaidake.

2. Antzezterako garaian aitak eman al dizu aholkurik?
Jon

Aitak aholkuak baino gehio animuak ematen dizkit!

3. Zer da antzerkia zuretzat?
Jone

Ez dakit, lanbidea batzutan, antzezlanak ikustera joaten naizenean denborapasa... Bufff... galdera zaila da hau gero!

4. Nola dago Azpeitian antzerkiaren egoera?
Leire

Urte batzuk daramatzat Donostian bizitzen eta ez dut egoera hori hor egunerokoa bizi dutenak bezala ezagutzen. Badaukat inpresioa garai batean zaletasuna gehiago bultzatzen zela. Beti bota izan dut faltan Azpeitian antzezlanak urtean zehar ikusteko aukera izatea, eta ez topaketetan bakarrik.

5. Inoiz antzeztu al duzu aitarekin? Antzeztu ez baduzu, gustatuko al litzaizuke?
Jon

Bai, Antxietan hasi nintzen antzerkia egiten eta orduan aitarekin antzezten nuen. Behin tokatu zitzaigun emagaldu eta harena zijoan gizonarena egitea eta nahiko tratu pasa genuen. Gure amak ere bai!

6. Antzerkia, zinema, telebista... zer gustatzen zaizu gehiago?
Maite

Zinea da gutxien probatu dudana, eta agian horregatik orain hiru lan aukera izan ezkero zinekoa hartuko nuke.

7. Noiz antzeztu zenuen azkeneko aldiz Azpeitian?
Txomin

Azpeitian azkena Soreasun "Natatxa" haur antzerkiarekin.

8. Aupa Nagore eta benetan zorionak zure ibilbidearengatik. Mila galdera egingo nizkizuke, eta egunen batean hitz egingo badugu ere, zer moduzkoa izan da Aitzpearekin lanean aritzea? Gutxi ezagutzen dut baina jasotako inpresioa oso ona izan da.Jatorra emakumea. Zer diozu? Segi horrelaxe, Nagore!
Alaitz

Aitzpearekin lanean oso ondo ibili naiz. Emakume langilea da oso, eta lanean giro ona sortzeko abilezia dauka. Ordu asko sartu ditugu pelikula egiten eta halako umorearekin gauzak hartzea ez da erraza. Benetan gustora.

9. 'Zeru horiek' pelikulan protagonista izatea zure karreran salto handi bat al da?
Imanol

Salto salto... auskalo! Ikasteko eman dit aukera neri pelikula hau egiteak. Eta komedia ez den beste zerbait probatzekoa. Gero zer ekarri lezaken, egia esan, berdin xamar zait orain. Aizpeak emandako aukerarekin konformatzen naiz.

Agurra

Bueno, eskerrak eman nahi dizkiet galderak egiteko denbora hartu dutenei! Erantzun batzuk aldrebes xamarrak geratu zaizkit baino ahal dudana egin dut. Hurrena arte!