"Israelen eta mendebaldeko konplizeen aurka" mobilizatzera deitu dute IAk eta Kontseilu Sozialistak

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 9a, 11:44

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideak, mobilizatzera deitzen. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Nakbaren 76. urteurrenean herriz herri mobilizatzera deitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, eta Azpeitian egingo dute eskualde mailako kontzentrazioa. Ikasle Abertzaleek astelehenerako deitu dituzte protestak ikastetxeen atarian. Era berean, maiatzaren 18an Iruñean egingo den manifestazio nazionalera joateko deia egin dute, eta izen-emateak ireki. Bihar beste protesta bat izango da, Elkar-ekinek deituta. 

Palestinan jazotzen ari denaren aurrean, hainbat erreakzio eta protesta izaten ari dira egunotan mundu osoan zehar. Eskualdera ere iritsi dira protesta deialdiak, eta Azpeitian hainbat izango dira egingo dituzten mobilizazioak. Ikasle Abertzaleek (IA) eta Kontseilu Sozialistak "Israelen eta mendebaldeko konplizeen aurka" mobilizatzera deitu dute, deialdi nazionalekin bat eginda.

Ikasleek, astelehenerako deitu dituzte protestak ikastetxe atarietan. Hain zuzen, Iraurgin (10:00), Ikasberrin (10:30) eta Urolan (10:50) egingo dituzte elkarretaratzeak. Ikasle Abertzaleak antolakundeak #StudentsForGaza mugimenduarekin bat egin du, eta egunotan EHUren campuseetan ere kanpaldiak egiten ari dira. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, bere aldetik, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren (EHKS) eta Palestinarekin Elkartasuna mugimenduaren deialdiekin egin du bat. Modu horretan, asteazkenean, Nakbaren 76. urteurrenean, kontzentrazioak izango dira Euskal Herri osoan zehar, eta eskualde mailakoa Azpeitian egingo dute, 19:00etan hasita, plazan. Era berean, maiatzaren 18an Iruñean egingo den manifestazio nazionalerako deia egingo dute, eta hara joateko hitzordua jarriko dute. Hori dela eta, Iruñera joan nahi dutenek izena eman dezakete Haginpe tabernan jarriko duten izen-emate orrian. 

Nakba gogoan, "konplizeak" jopuntuan 

Rafah hiriaren bonbardatzea salatzearekin batera, Nakbaren urteurrena gogoratu du Kontseilu Sozialistak, gatazkaren hastapenei aipamena eginda. 1848ko maiatzaren 15ean hasi zen Nakba, "palestinarren aurkako sarraskia". Azken gertakariak "aspalditik datorren genozidioaren parte" direla salatu du Kontseilu Sozialistak: "Azken aste honetan ikusi dugu Israelgo estatu sionistaren erasoaldi berria, Rafah hiria bonbardatuz eta bertan dauden bide humanitarioak itxiz, eta horrela milioi bat errefuxiatu palestinarren bizitzak arriskuan jartzen. Baina Israelek urteak daramatza palestinarren lurrak okupatzen hainbat herrialderen babesarekin. Genozidio hori, gainera, babes internazionalarekin egiten ari dira". 

Euskal Herriko eta Espainiako askotariko "erakundeek erakutsitako jarrera konplizeak" ere salatu dituzte. "EHUk, esate baterako, Israelgo estatuarekin armen salerosketa sustatu du urte luzez, euskal enpresekin harremanak eginez; eta Euskal Herriko alderdi politikoek ere Espainiako Gobernua aho batez babestu dute, zeina estatu genozida horren konplize eta sustatzaile zuzena den". Modu horretan, salatu dute "alferrikakoa eta interesatua" dela palestinarrekiko elkartasuna adieraztea, "herri horren zapalkuntza ahalbideratzen duen gobernua babesten bada". Horrenbestez, "itxurakeriazko elkartasuna" albo batera uzteko galdegin dute, eta elkartasuna erakutsi diete mundu mailan egiten ari diren ikasle mobilizazioei, tartean Euskal Herrian egiten ari direnei.

Elkar-ekinek, bere aldetik, bihar egingo du protesta Sanjuandegiko biribilgunean, 18:30ean hasita. Elkar-ekinen aburuz, "herriz herriz, herrialdez herrialde eta kontinentez kontinenente antolatzen den presioak emaitzak ekar ditzake".