Tauromakia kultur ondare gisa arautzeko legearen kontrako sinadurak bilduko dituzte herrian

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 8a, 08:57

Zezenketen kontrako elkarretaratzea zezen plazaren aurrean, 2022ko saninazioetan.

Ez da nire kultura herri ekinaldi legegilea babesteko kanpainaren barruan, maiatzaren 11n, 18an eta 25ean mahaia jarriko dute eguerdian Sanagustinpean.

Joan den urtarrilaren 4an, Ez da nire kultura herri ekinaldi legegilea (LHE) aurkeztu zuten Espainiako Kongresuan. Espainiako Estatuan tauromakia kultur ondare gisa arautzen duen 2013ko legea bertan behera uztea eskatzen du LHE horrek. Kongresuko Mahaiak ontzat hartu ondoren, bederatzi hilabeteko epea dute herri ekinaldiaren sustatzaileek 500.000 sinadura aurkezteko, Kongresuan LHEa tramitatzen has daitezen.

Hain zuzen ere, sinadura horiek guztiak biltzeko kanpaina Azpeitira iritsiko da maiatzean. Datozen hiru zapatuetan –hilaren 11n, 18an eta 25ean–, Ez da nire kultura LHEaren aldeko sinadurak jasotzeko mahaia jarriko dute Sanagustinpean 11:00etatik 13:00etara.