Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Igor Aranbarri: "Negozioa irekitzeko pausoa eman aurretik, ezinbestekoa iruditzen zait informazio guztia izatea"

Erredakzioa 2024ko mai. 6a, 17:21

Eskuak kiromasaje zerbitzua zabaldu berri du Igor Aranbarrik. Ione eta Maikar estetika zentroaren barruan ezarri du gunea, eta "lanean, kirola egiterakoan edota etxeko lanak egitean eragindako bizkarreko, lepoko edo hanketako minak edo kargak" lantzen ditu, batik bat.

Nola izan da Eskuak sortzeko prozesua, hau da, ideiak errealitate izan artekoa?

Uda zen eta aldaketa baten beharra nuen. Duela urte batzuk kiromasaje ikastaroa hasi nuela gogoratu nuen, baina une hartan nuen lana zela-eta, utzi beharra izan nuen. Gustukoa nuen zerbait zen, eta aukera ona iruditu zitzaidan berriro ekiteko. Hala, ikasketak nola egin begiratzen hasi nintzen eta bi ikastarotan hasi nintzen; batetik aurrez aurreko formakuntza egin nuen Donostian, eta bestetik, online bidezko beste ikastaro bat egin nuen. Bi formakuntzak hasita, etorkizunean pentsatzen hasi nintzen.

Zer pauso jarraitu zenituen?

Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo nuen, eta arlo desberdinak lantzen hasi ginen. Ikaragarrizko pauso pila bat eman behar izaten dira, ez nintzen kontziente horrenbeste pauso zeudenik bide horretan zehar.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Beldurrak baino gehiago, zalantzak izan ditut. Nire lan jardun ia guztia, besterentzat lanean aritu naiz, eta holakoetan zalantza izaten duzu nola izango den zu zeu izatea ardura guztia duena, gai izango ote zaren dena aurrera eramateko… Horiek izan dira, batik bat, zalantza nagusiak.

 "Beti gustatu izan zait eskuekin lan egitea, eta kasu honetan, gainera, jendeari masajea eman eta gustura hartzen zutela ikusteak, bete egiten ninduen, jendeari zerbait ona emateko nuela ikusi nuen"

Zergatik kiromasajea?

Literalki, eskuz emandako masajea esan nahi du. Eragozpen txikiak dituztenei zuzenduta dago, eta beraz, lanean, kirola egiterakoan edota etxeko lanak egitean eragindako bizkarreko, lepoko edo hanketako minak edo kargak lantzen ditu. Kapritxorako ere izan daiteke, eta erlaxatzeko masajea izan daiteke. Beti gustatu izan zait eskuekin lan egitea, eta kasu honetan, gainera, jendeari masajea eman eta gustura hartzen zutela ikusteak, bete egiten ninduen, jendeari zerbait ona emateko nuela ikusi nuen.

Egun batzuk besterik ez daramatzazu, baina positiboa al da orain arteko balorazioa?

Egia da oraindik hasiberria naizela, baina gustura nago. Masaje batzuk eman ditut dagoeneko, opari txartel batzuk ere saldu ditut, eta bitartean zer egiten dudan azaltzen aritu naiz sare sozialen bidez. Garrantzitsua iruditzen zait hori, herritarrei esatea zer eta nola egiten dudan, eta ahalik eta pertsona kopuru gehiagoarengana iristea.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Onura nagusiena, gauzak nire moduan, nahi bezala antolatu ditzakedala dela esango nuke. Denok gara apetatsuak, eta denoi gustatzen zaigu gure gustura jartzea gauzak: nola apaindu lokala, zer olio erabili, zer esku-ohe aukeratu… Nire erabakiak izan dira guztiak, baina ni gustura gelditzea nahi nuen egindakoarekin. Desabantailei dagokienez, kontraturik ez izatean, soldata finkorik ez duzula dela esango nuke. Azken finean ez dakizu zer sarrera izango dituzun hilaren amaieran…

Ekintzaile izateko zalantza dituen norbait ezagutuz gero, animatuko al zenuke?

Apustua egitera baino, informazio guztia izatera edota jakitera bultzatuko nuke. Izan ere, buruan duzun ideia horretatik errealitatera badago aldea. Ni, behintzat, hainbat arazorekin aurkitu nintzen, ez nituenak espero, eta horregatik, hobe da ondo informatzea. Negozioa irekitzeko pausoa eman aurretik, ezinbestekoa iruditzen zait informazio guztia izatea, erabakia informazio horren arabera hartzeko.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Kontuan hartuta orain gutxi hasi naizela, jendearengana iristea nahi dut; hemen nagoela jakitea, eta dituzten eragozpen txiki horien irtenbidea bertan aurkitu dezaketela ezagutzea. Interesatuek sare sozialak, eskuakazpeitia@gmail.com posta elektronikoa edota 691 91 31 87 telefono zenbakia erabili dezakete harremanetan jartzeko. Ondoren, poliki-poliki, herri mailan nire zerbitzuak bere lekua izatea gustatuko litzaidake.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.