Ricardo Azkargortak irabazi du III. Kale Pintura Lehiaketa

Nerea Uranga 2024ko mai. 5a, 16:36

Azpeitiko III. Kale Pintura Lehiaketako irabazleak, antolatzaileak eta epaimahaiko kideak. (Nerea Uranga)

Azpeitiko kale pintura lehiaketaren hirugarren edizioan hemeretzi helduk eta hamahiru gaztetxok parte hartu dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, "maila handiko lanak" egin dituzte, eta sarituak aukeratzeko lan zaila izan dute. Lehiaketara aurkeztutako lanak erakusgai jarriko dituzte Betharram aretoan.

Maila bikaina izan da gaur Azpeitian jokatu den III. Kale Pintura Lehiaketan, hala azaldu dute 14:30ean Betharram aretoan egindako sari banaketa ekitaldian. Azpeitiko Udalak, Arte eta Diseinu Eskola elkarteak eta Kulturazek antolatu dute lehiaketa. 09:00etatik 13:30etara artean margolanak edota marrazkiak egiteko aukera izan dute lehiaketara aurkeztu diren artistek; helduetan hemeretzi lagunek parte hartu dute eta gaztetxoetan hamahiruk. Kale Pintura Lehiaketan parte hartu dutenek "maila handiko lanak" egin dituztela, eta "sarituak aukeratzeko lana zaila" izan dutela adierazi dute epaimahaiko kideek. Aitor Larrañaga Kultura zinegotziak, bere aldetik, lehiaketan parte hartu duten guztiak eskertu eta zoriondu ditu, eta egin duten lana "bikaina" izan dela adierazi die.

Helduetan, lehen saria (800 euro) Ricardo Azkargorta bergararrak irabazi du, eta bigarren saritua (500 euroko saria) Julio Gomez leioarra izan da. Herritarraren saria (300 euro), berriz, Tere Osak jaso du. 12 eta 16 urte arteko gaztetxoetan Chloe Maze izan da saritua eta 12 urtetik beherakoetan Denis Agirrezabalaga. Bi horiek jaso duten saria arte lanetarako materiala izan da.

Lehiaketara aurkezten dituzten lanak Betharram aretoan jarriko dituzte ikusgai, bihartik maiatzaren 19ra bitartean.

Erlazionatuak