Emozioz betetako eguna

Urtzi Oteiza - Oier Arregi - Nerea Uranga - Intza Trula 2024ko mai. 5a, 15:30

Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren hirugarren edizioa eta Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren lehendabizikoa jokatu ziren atzo Azpeitian. Proba luzean 550 korrikalarik hartu zuten parte; motzean, berriz, 250 izan ziren.

Kirola eta festa uztartuz, Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren hirugarren edizioa eta Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren lehenengoa jokatu zituzten atzo Azpeitian, Lagun Onak mendi bazkunak Domusa Teknik babesle ofizialarekin elkarlanean antolatuta. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, proba luzean 550 izan ziren lasterketan atera zirenak, eta motzean, berriz, 250 korrikalarik hartu zuten parte. Horrez gainera, 450 boluntario aritu ziren lanean, guztia ondo joan zedin.

40 MLK proban parte hartu zutenek helmugara iritsi aurretik 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela duen ibilbidea egin zuten. Txapelduna Miguel Heras izan zen, eta haren atzetik, Alvaro Ramos, Goar Lopetegi eta Borja Zubizarreta elkarrekin sartu ziren helmugara. Gizonetan lehendabiziko azpeitiarra Unai Zialtzeta izan zen. "Azpeitiar batentzat sekulako pribilegioa da herrian horrelako lasterketa bat jokatzeko aukera izatea", zioen Zialtzetak. Horrez gainera, azpeitiarrak boluntarioen lana azpimarratu nahi izan zuen: "Antolatzaileak dira gaurko irabazleak, egiten duten lan guztiagatik".

Emakumeetan aurrena Gemma Arenas izan zen, eta bigarren egin zuen emakumea Mayi Mujika izan zen. Hirugarren eginda, podiuma Oihana Azkorbebeitiak osatu zuen. Emakumeetan aurreneko azpeitiarra helmuga igarotzen Nerea Azpiazu izan zen. "Oso gustura" helmugaratu zen Azpiazu, "aspaldiko lasterketarik onena" eginda: "Bukaera gogorra izan den arren, asko disfrutatu dut ibilbide osoan zehar".

Domusa Teknik 15 MLK lasterketa egin zutenek 26 kilometroko eta 1.400 desnibel positiboko ibilbidea osatu behar izan zuten. Helmugan aurrena Aritz Egea izan zen, bigarrena, Oier Elortza azkoitiarra eta hirugarrena Xabat Manzisidor azpeitiarra. "Oso pozik nago egindakoarekin, azpeitiarrontzat ibilbide ederra du lasterketa honek".

Emakumeetan Ainhoa Intxausti irabazi zuen 15 MLK probaren txapela. Bigarren Laida Elizegi helmugaratu zen, eta hirugarren, Garazi Sanpedro. Emakumeetan aurreneko azpeitiarra Naroa Uria izan zen. Lasterketa "maitasun osoz" prestatu duela zioen Uriak: "Gogo handia nuen beti entrenatzen dudan txokoetan lasterketa bat egiteko. Zoragarria izan da".

Erlazionatuak

Hasi dituzte Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak

Nerea Uranga - Intza Trula - Mireia Galarza Bastida mai 04 Azpeitia