Aste erdiko jardunaldia oparoa izan da Lagun Onakentzat

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 2a, 11:31

Lagun Onak-Portugalete partidako artxiboko irudia. (Ander Uria / Lagun Onak)

Ia partida osoa hamarrekin jokatu arren, 4-1 irabazi zuen gizonen talde nagusiak eta igoerako play-offaren borrokan jarraitzen du. Emakumeen taldeak, berriz, gol bakarrarekin baina itxura ona emanda gainditu zuen Elgoibar, asteburutik aurreratutako partidan.

Maiatzaren 1a borobila izan da Lagun Onak futbol klubaren talde nagusientzat. Biek etxean jokatu zuten eta biak izan ziren garaile: gizonek 4-1 hartu zuten mendean San Ignacio Espainiako Hirugarren Mailako 32. jardunaldian; eta emakumeek 1-0 irabazi zioten Elgoibarri, asteburuan jokatuko den Ohorezko Erregional Mailako 27. jardunalditik aurreratutako neurketan.

Ligako azken hirugarren jardunaldian, urrezko hiru puntu lortu zituen Lagun Onakek San Ignacioren kontra. Amaierako emaitza ikusita bestela iruditu arren, partida ez zen batere samurra izan Riberaren taldearentzat. Izan ere, ezin hobeto hasi zena berehala okertu zitzaion Azpeitiko taldeari. Jagoba Erdoziak 5. minutuan egin zuen partidako lehen gola, baina 10.ean txartel gorriarekin kalera bidali zuen epaileak Andoni Errasti atezaina, areatik kanpo baloia eskuarekin ukitzeagatik. Etxeko taldeak protesta ugari egin zuen, Errastik baloia eskuarekin ez eta bularrarekin ukitu zuelakoan, eta aulkian zegoen Mikel de Alba ere kanporatu egin zuen epaileak, bi txartel hori segidan erakutsita. Bengoetxea kendu zuen Riberak Bastida ordezko atezaina sartzeko, eta jokalari bat gutxiagorekin ekin zion Lagun Onakek markagailuan zuen abantailaren defentsari, ia partida osoa aurretik zuela. Eta eustea ez ezik, abantaila handitzea lortu zuten etxekoek lehen zatian, Julen Lopezek 28. minutuan egindako golarekin. Bigarren zatian, 2-0 jarraitu zuen neurketak ia ordu erdiz. 72. minutuan aldea murriztu zuen San Ignaciok. Ordu laurden pasa falta zen neurketa bukatzeko, Lagun Onakek minutu asko zeramatzan hamarrekin jokatzen eta San Ignacioren unea iritsi zela pentsa zitekeen, baina ez: 80. minutuan etxekoen beldurrak uxatu zituen Letek (3-1), eta garaipen bikaina 89.ean borobildu zuen Geretak (4-1). 54 punturekin eta liga erregularra bukatzeko bi jardunaldi besterik falta ez direnean, igoerako play-offean sartzeko borrokan jarraitzen du Lagun Onakek: seigarrena da sailkapenean, play-offerako azken txartela ematen duen bosgarren postutik puntu bakarrera. Datorren igandean jokatuko dute Riberaren gizonezk azkenaurreko jardunaldiko partida: igandean, 18:00etan, jaitsiera saihesteko borrokan danbilen Touringen zelaian lehiatuko dira.

Gol eta gorabehera gutxiago izan zituen Lagun Onakek eta Elgoibarrek Ohorez Erregional Mailaren 27. jardunaldiaren barruan jokatu zuten partidak, baina garaipen eta puntu ederrak eskuratu zituzten Eguzkiñe Peñaren emakumeek. Gizonek bezala, oso goiz lortu zuten abantaila emakumeek: 8. minutuan egin zuen Maria Sorazuk azkenean neurketako gol bakarra izango zena. Bigarren zatiaren hasieran izan zuten etxekoek abantaila handitzeko abagunea, baina ez zuten asmatu penalti puntutik. Dena den, eta gutxieneko aldearekin irabazita ere, partida oso serioa eta ona egin zuen atzo Lagun Onakek, eta 54 punturekin, sendo jarraitzen du sailkapeneko hirugarren postua eskuratzeko borrokan. Hurrengo astean, maiatzaren 11n, Zumaian jokatuko du Peñaren taldeak.