Belako, Nize eta Haizkan taldeak izango dira asteburuan Sanagustinen

Intza Trula 2024ko api. 26a, 11:00
Haizkan taldea.

Belako eta Nize taldeak bihar igoko dira oholtzara; Haizkan taldeak, berriz, igandean eskainiko du kontzertua, Arkupehotsak egitasmoaren barruan. 

Belako, Nize eta Haizkan taldeak zuzenean ikusteko aukera izango da asteburu honetan Sanagustinen. Hain justu, Belako eta Nize taldeek bihar eskainiko dute kontzertua, 22:30ean; Haizkan taldeak, berriz, igandean egingo du, 18:30ean, Arkupehotsak egitasmoaren barruan. Larunbateko kontzerturako sarrerak Kulturazen webgunean eskuratu daitezke, eta igandekoa doakoa izango da.

Josu Ximun Billelabeitiak (gitarra eta ahotsa), Lore Nekane Billelabeitiak (baxua eta ahotsa), Lander Zalakainek (bateria eta ahotsa) eta Cris Lizarragak (teklatua eta ahotsa) osatzen dute Belako. 2011 urtean hasi zuten ibilbidea, eta ordutik oholtzarik oholtza dabiltza. Besteak beste, post punk eta new wave musika da protagonista Belakoren kontzertuetan. Hainbat disko kaleratu dituzte hamar urte hauetan; azkena, 2023an, Sigo Regando.

Nize taldeak ondutako azken lanak Zu lo han du izena, eta lau urteko epean kaleratu duen bigarrena da. 2018an ezagutu zuten elkar Nizeko kideek, eta ordutik dabiltza musika sortzen elkarrekin. 2019ko otsailean igo ziren lehen aldiz oholtzara, eta 2020rako kaleratua zuten lehen diskoa: Ezin. Zu lo han 2021eko otsailean grabatu zuten Bilboko El Tigre estudioan.

Igandean Arkupehotsak egitasmoaren barruan antolatutako hirugarren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Haizkan taldearekin. Haizkan 202ean Urdiainen (Nafarroa) sortutako rock taldea da. Honakoek osatzen dute hirukotea: Euken Perez baterijoleak, Haritz Goikoetxea baxujoleak eta Gaizka Lanas gitarjole eta abeslariak. 2022an kaleratu zuten lehen lana, Etsi izeneko EP-a, bost abestiz osatua. 2023an hiru single kaleratu dituzte, Agian, Alderik alde eta Arrazoi Ta Bihotz.