Zabaldu dute 'Habitat. Ezkutatu diguten historia' erakusketa

Maialen Etxaniz 2024ko api. 23a, 13:30

Erroma aurreko Baskoniatik hasi eta gaurdaino Euskal Herriaren historiak izan dituen hainbat mugarri eta gako ezagutaraztea da erakusketaren helburua. Atzo ireki zuten, eta eskoletako ikasleekin hainbat bisita egin dituzte. Asteazkenean eta zapatuan ere bisita gidatuak eskainiko ditu Beñi Agirre historialariak. 

Urolako Napar Zuzterrak taldeak eta Nabarraldek antolatuta, atzo ireki zuten Habitat. Ezkutatu diguten historia izeneko erakusketa Betharrameko udal aretoan, eta ikusgai izango da aste osoan zehar, larunbata bitarte. Gainera, Beñi Agirre historialariaren eskutik bi bisita gidatu izango dira. Bihar, asteazkena, 19:00etan egino dute lehen bisita gidatua; eta larunbatean, hilak 27, erakusketaren azken egunean, bigarrena, 11:00etan. Egunotan, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek ere izan dute erakusketa ikusteko eta ezagutzeko parada. 

"Bizi nahi duen herriak bere historia kontatu behar" duela abiapuntutzat hartuta, Erroma aurreko Baskoniatik hasi eta gaurdaino Euskal Herriaren historiak izan dituen hainbat mugarri eta gako ezagutaraztea da erakusketaren helburua. Xabier Leteren Izarren hautsa abestia du inspirazio iturri. "Ekin eta ekin jokatzen da historia, eta Edwar Wadie Saidek esaten zuen bezala, herri bati definizioa emateko tresnarik eraginkorrena haren historia kontatzea da", diote antolatzaileek. 

Betharramen erakusketek ohi dutena baino ordutegi zabalagoa izango du Habitat. Ezkutatu diguten historia-k; astelehenetik ostiralera 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuan, mokadutxo eta guzti, 10:00etatik 13:00etara.