Ugaitz Mugertzak irabazi du III. Euskal Duatloia

Gorka Eizagirre 2024ko api. 21a, 17:10

Euskal Duatloiaren hirugarren edizioaren finala jokatu dute gaur, Azpeitiko zezen plazan. Azken orduko aldaketa bat tarteko, Xabier Zalduaren ordez, Julen Kañamares aritu da gaurko saioan. Ugaitz Mugertza izan da lan guztiak amaitzen azkarrena, eta, beraz, irabazlea: 31 minutu eta 56 segundo behar izan ditu hark. 

Euskal Duatloiaren hirugarren edizioaren finala jokatu dute gaur, igandea, Azpeitiko zezen plazan, 12:00etan hasita.Parte hartzaileen artean, azken orduko aldaketa bat izan da; berez, Xabier Zaldua finala jokatzekoa zen, baina haren ordez, Julen Kañamares aritu da gaurko saioan. Kanporaketan lortutako denborak kontuan hartuta, bi txandatan banatuta jokatu dute finala. Lehen txandan Kañamares, Suharri Rodriguez eta Arkaitz Jauregi aritu dira, eta ohorezko txandan, berriz, Oier Kañamares, Ibai Soroa eta Ugaitz Mugertza.

Kirolariek aizkoran eta korrika egin behar izan dituzte lanak. Aurrena, 45 ontzako etzandako launa enbor moztu behar izan dituzte. Lan hori bukatutakoan, lau kilometro egin behar izan dituzte korrika –40 itzuli zezen plazari–, eta bukatzeko, 45 ontzako zutikako launa enbor moztu. Mugertza izan da gaur lan guztiak egiten azkarrena; 31 minutu eta 56 segundo behar izan ditu hark.

Hona hemen sailkapena osorik:

1. Ugaitz Mugertza: 31:56

2. Oier Kañamares: 33:48

3. Arkaitz Jauregi: 33:54

4. Ibai Soroa: 34:51

5. Suharri Rodriguez: 35:17

6. Julen Kañamares: 40:24

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)