"Aldaketa gero eta errealagoa" dela nabarmenduz itxi du EH Bilduk Gipuzkoako kanpaina

Ihintza Elustondo eta Urtzi Oteiza 2024ko api. 19a, 11:36

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, kanpainako eskualdeko ekitaldi nagusia egin du EH Bilduk Azpeitian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Nerea Kortajarena eta Itziar Murua Gipuzkoako zerrendakideek hitz egin dute agerraldian. Komunitatearen indarra nabarmendu dute.

Apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira, eta atzo arratsaldean, bozetarako hiru egunen faltan, kanpainako eskualdeko ekitaldi nagusia egin zuen EH Bilduk Azpeitian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuak eta Itziar Murua zerrenda horretako hirugarrenak hitz egin zuten agerraldian, eta haiei babesa ematen izan ziren koalizioko beste hainbat hautetsi nahiz herritar. Azpeitiko ekitaldiarekin itxi du EH Bilduk Gipuzkoako kanpaina.

Poesia eta musika artean hasi zuten agerraldia, eta ondoren, Alkortak hartu zuen hitza. Aipatu zuen "urduritasun positiboa" sentitzen duela, "zerbait handia" datorren sentipena duela. Atzoko ekitaldia egin zuten guneari, Azoka Plazari, egin zion erreferentzia hark. "Esango nuke gauza bera transmititzen dutela azoka honek eta EH Bilduren proiektuak: gertukoa egiten zait, konfiantzazkoa. Letxuga edo tomate bakoitzaren atzean mimo handiz egindako lana dagoela badakigu, eta badakit EH Bilduk egindako proposamenean ere hala dagoela". Azoken bereizgarria "zuzeneko harremana" dela adierazi zuen, eta euren proiektuak ere bereizgarri horixe duela nabarmendu. "Kalean gaude. Badakigu zein diren herritarren beharrak eta nahiak, eta badakigu behar horiei erantzuten". EH Bilduren proiektua, azokak bezala, "bizitzaz beteta" dagoela esan zuen.

Proiektua "aniztasun zabal batekin" lotzen duela ere nabarmendu zuen. "Gure komunitatearen lanaren emaitza da Azoka Plaza hau; izan ere, Azpeitian, zorionez, urte asko daramatzagu EH Bilduren proiektuaren uzta jasotzen, eta espero dugu uzta hau denbora luzez jasotzen jarraitzea. Gero eta jende gehiagok daki gure eskaintza benetakoa dela, konfiantzazkoa dela. Hori argi ikusi genuen foru aldundietako hauteskundeetan, eta berriro argi ikusiko dugu Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan".

Jarraian, Murua zarauztarrak hartu zuen lekukoa, eta hark adierazi zuen "ilusionantea" dela bizitzen ari den garaia. "Gustuz nator Azpeitira, harro egoteko moduko kanpaina egiten ari gara". EH Bilduk Gipuzkoako 51 herri gobernatzen dituela azpimarratu zuen, eta Zarautzen herri horiei "inbidiaz" begiratzen diotela; han, izan ere, EAJ dago agintean, PSE-EErekin akordioa osatuta. "Politika ulertzeko bi modu gaude, eta guk EH Bilduren lan egiteko modua eraman nahi dugu Gasteizera". Beren programan jaso dituzten punturik aipagarrienak zerrendatu zituen ondoren Muruak; subiranotasun estrategikoa indartzea, herritarren ongizate maila hobetzea, larrialdi ekologikoari aurre egitea, hizkuntz politika... "Aldaketa behar dugu", esan zuen.

"Aldaketa erreala da"

Kortajarena izan zen hitz egiten azkena. Musika doinu artean hasi zen ekitaldiari kantu artean eman zion hark jarraipena; izan ere, hitzartze berezia egin zuen, euskal kantugintzaren bidez egungo gizarteak bizi duen egoeraren errepasoa eginez. Anarik kantatu bezala, "pozik" daudela nabarmendu zuen. "Ta gertatzear zena, ez da inoiz gertatuko, gertatzen ari delako, aldaketa atzeraezina bihurtu dugulako; erreala da".

Ezer ez da berdin hitzei tiraka, apirilaren 21ean gertatzen dena gertatuta ere, aurrerantzean "ezer" ez dela "berdina" izango esan zuen. "Ruperrek kantatu bezala, egunotan iritzi helduak, uste handikoak entzuten dira gure herriaz, goiz eta arrats berriketan gure herriaz... Nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki, baina gauzak zer diren, kontuak etzaizkit ateratzen niri... Eta ez, kontuak ez zaizkigu ateratzen Osakidetzaren egoera ikusten dugunean, edo gazteek emantzipatzeko duten egoera ikustean edo zaintzari dagokionez dugun egoera ikusita. Baina Gorka Urbizuk esan bezala, gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Eta gure esku dago hori aldatzea".

Horretarako aukera "gero eta errealagoa" dela esan zuen. "Pentsa, aukera gero eta errealagoa denaren seinale dira egun hauetan aktibatu diren gezur, irain, lokatz eta mekanismo guztiak. Horren aurrean, guk, rigorea, lasaitasuna, irribarre handiak eta determinazioa. Izan ere, guk ez dugu atzera eta atzora dihoan munduan jarraitu nahi. Guk aurrera egin nahi dugu; aurrera, hurrera eta urrunera begira; horixe da gure eredua. Eta beldurraren mezu horien aurrean, guk nahiago dugu esperantzara kondenatuak egotea. Herritarrek badute nahiko motibo kezkatuak egoteko, ez dagokigu guri kezka horiek, beldur horiek areagotzea. Erronka handiak ditugu esku artean, eta horiei ekin behar diegu. Galdera berriek erantzun eta soluzio berriak behar dituzte, baita aliantza berriak ere. Boto bakoitza izango da erabakigarria".

EH Bilduren "formula" zein den ere azaldu zuen: "Jendearekin egon, gure proiektua azaldu...". Horri lotuta, Olaia Inziarteren abestia aipatu zuen: "'Hartu nahi al duzu, zerbait nerekin, lana ta gero. Munduaz ta gutaz solasteko, aukera badago', Hartu kafeak, infusioak, ardoak...". Zumaiako Eire taldearen abesti bat aipatu zuen segidan. "Honela dio: 'Seguru nago, baina gero ez. Bihozkada batek dio baietz...'. Kanpainako barne mugimenduak jasotzen dituela esango nuke. Eta seguru nago egunotan sentimendu horiek bizi ditugula hemengo askok: irabazteko bihozkadak, goraldiak eta beheraldiak, segurtasunak eta zalantzak... Lagunok, ta orain ez bada, noiz izango da ba? Eta, guk ez bada, nork egingo du?".