'Habitat. Ezkutatu diguten historia' erakusketa irekiko dute astelehenean Betharramen

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 19a, 09:00
Beñi Agirre erakusketaren kartelaren ondoan, Oñatin. (Oñati Irratia)

Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatu du, Nabarralderekin, eta zapatura arte egongo da ikusgai. Beñi Agirre historialariarekin erakusketan bisita gidatua egiteko aukera izango da asteazken arratsaldean eta larunbat goizean.

Apirilaren 22tik 27ra, datorren astelehenetik zapatura, Habitat. Ezkutatu diguten historia erakusketa ikusteko aukera izango da Betharrameko udal aretoan. "Bizi nahi duen herriak bere historia kontatu behar" duela abiapuntutzat hartuta, Erroma aurreko Baskoniatik hasi eta gaurdaino Euskal Herriaren historiak izan dituen hainbat mugarri eta gako ezagutaraztea da Urolako Napar Zuzterrak taldeak Nabarralderekin antolatu duen erakusketaren helburua. Horretarako, Beñi Agirre historialariaren eskutik bi bisita gidatu ere antolatu dituzte: asteazkenean, hilaren 24an, 19:00etan egino dute lehen bisita gidatua; eta larunbatean, hilak 27, erakusketaren azken egunean, bigarrena, 11:00etan.

Betharramen erakusketek ohi dutena baino ordutegi zabalagoa izango du Habitat. Ezkutatu diguten historia-k; astelehenetik ostiralera 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuan, mokadutxo eta guzti, 10:00etatik 13:00etara.