Erretratua

Amaia Segurola: "Nire bizitza ezin dut imajinatu ardirik gabe"

Nerea Uranga 2024ko mai. 9a, 10:17

Amaia Segurolaren erretratua (Olatz Alkorta)

Etxetik jasotakoa erraietan du Amaia Segurolak, ardi artean hazi eta hezitakoa da, eta mundu hori du gustukoa. Kimikako gradua ikasten ari da, eta etorkizunean zertan ariko den lanean ez daki. Argi du, baina, era batera edo bestera artzaintzari lotuta bizi nahi duela. Berea da Erretratua 2024ko apirileko Uztarria aldizkarian.

"Azpeitiarra naiz, baina nik beti diot Aralarkoa naizela, han ibiltzen naizelako gustuena", dio Amaia Segurolak (Azpeitia, 2001). Aralarkoa zergatik? Gurasoak, Ana Azkue eta Abel Segurola, artzainak ditu, baita anaia Ander ere, eta haurra zenetik eskolako udako oporraldiak Aralarren, Txindoki azpian duten Beltzulegi txabolan, igarotzen ditu. "Txiki-txikitatik ibili izan naiz Aralarren. Hura beste mundu bat da, eta kalean baino nahiago izan dut beti han ibiltzea; ikaragarri gustatzen zait. Haurra nintzenean, gurasoak ardiekin Aralarrera joaten zirenean, anaia eta biok, eskolarik ez galtzeko, izebaren-eta etxean gelditzen ginen. Beti eskolak noiz bukatu zain egoten ginen gurasoengana joateko", gogora ekarri du.

Goizean jaiki, Donostiara unibertsitatera joan, handik etxera bueltan bazkaldu, gazta egiten jardun, tarte bat ikasteko aprobetxatu, eta orduan bildu da Segurola kazetariarekin. Artzaintza eta unibertsitateko Kimika graduko ikasketak uztartzen ditu gaur egun. "Beti gustatu izan zait ikastea eta eskolara joatea, eta pentsatu nuen aukera nuen bitartean ikasten jarraituko nuela. Kimika beti gustatu izan zait, baita albaitaritza ere; baina urrutira joan beharko nuen Albaitaritza gradua egitera, eta Kimika, berriz, Donostian ikasteko aukera nuen. Etxean ere lan asko, eta Kimika gradua egitea erabaki nuen. Artzain eskolara joateko aukera, berriz, beti hor egongo da, ez dut baztertzen". Unibertsitatean ikasi arren, artzaintzat izan du beti bere burua, eta dio ez duela bere bizitza ardirik edota animaliarik gabe irudikatzen.

Kimika eta artzaintza. Bi mundu, baina lotu daitezkeenak biak. Bien artean uztarketarik ikusten duen galdetuta, barre egiten du, baina lotu daitezkeenik ez du baztertu. "Gaur egun gaztak aztertu egiten dira. Gu gaztagintzatik bizi gara, eta gaztei froga batzuk egiten zaizkie, esnea ere analizatu egin behar izaten da. Horrez gain, hor daude ardiei ematen zaizkien botikak, txertoak... Beraz, esan daiteke bien artean lotura bat egon daitekeela".

Eguneroko bizimoduan bietan ari da Segurola; alegia, Kimika ikasten eta etxeko artzaintzako lanetan laguntzen. Etxeko laurek egiten dute lan artaldea zaintzeko eta gaztak egiteko. "Elkarri laguntzen diogu", dio. "Aita eta ama biak hasi ziren ardi lanetan, eta guri txiki-txikitatik mundu hau erakutsi digute: ardi jezten, gaztak egiten, ardien bila joaten... Beraz, txikitatik ikasi dut artzaintza. Gaur egun bietara aritzen naiz, goizez unibertsitatera joaten naiz, eta arratsaldean etxera etorritakoan, ahal denean laguntzen dut". Jakitun da unibertsitateko ikaskideek bestelako zereginak dituztela, eta batzuetan harritu egiten dituela bere egunerokoak. "Etxe bakoitza istorio bat da, eta ikaskide askoren mundua eta nirea oso desberdinak dira. Haiek ez dute etxera joandakoan gazta egin beharrik edota ardiak jetzi beharrik. Unibertsitatera joan eta ikaskideei gazta egiten jardun edota arkume bat atera dudala esandakoan, harridura aurpegiarekin begiratzen didate, 'hau zer ibili da?' esanez bezala". Aitortzen du igoal bera ez litzatekela moldatuko kale etxe batean bizitzen.

Segurolak txikitatik ikasi du bizi ahal izateko lan egin beharra dagoela, eta lanean jakin behar dela. Haren hitzetan, baina, lehenago edot geroago hori ikasi egiten da edota ikastea egokituko zaie gainerakoei ere, bere ikaskideei kasu. "Bizia aurrera ateratzeko lanean jakin beharra dago, soldata bat irabazteko lana egin beharra dago, eta gaur egun ez badaukazu horretarako prestutasunik, jai dago. Nik hori guztia etxean ikasi dut, baina kaletar batek ere ikasi egin beharko du lanean. Igoal nire kasua desberdina izan daiteke, txikitatik tokatu zaidalako lana egin beharra, baina besteek ere aurrera atera nahi badute, lana egin beharra izango dute. Beti esan izan didate niri goizago heldu zaidala, eta eskolan ere beti desberdina nintzela esaten zidaten. Artzaintzari lotuta beste mundu bat bizi izan dut nik, kale etxean bizi direnen desberdina".

Amaia Segurola, etxeko artaldeko arkume bat besoetan hartuta. (Nerea Uranga)

Heidi eta Pedro

Datorren hilean, Elosiagatik Aralarrera lekualdatuko dute artaldea segurolatarrek. Maiatzaren hasieran eramaten dituzte ardi antzuak Aralarko belardietara. "Oinez egiten dugu Azpeititik harako bidea. Ondoren, eguraldiaren arabera, maiatzaren erdialdera edota ekainean, jezteko dauden ardiekin joaten gara Aralarrera. Udako egonaldia Txindoki azpian daukagun Beltzulegi txabolan egiten dugu, eta han ekoizten dugu gazta. Ez daukagu ez pistarik, ez biderik txabolarako, eta hura beste mundu bat da. Guk esan ohi dugu bi negu bizitzen ditugula; han alturan beti hotz handiagoa egiten du, lainoa, euria... Gustuko dugu, ordea". Aralarren ardiekin-eta ikusi izan dituztenean, bat baino gehiagok Heidi eta Pedro deitu izan diete Segurola anai-arrebei.

Estimu handia die Segurolak Beltzulegi txabolari eta Aralarri. "Gustukoa dut oso hango egonaldia. Eguraldi ederra egiten duenean, handik pasatzen direnek paradisuan bizi garela esaten digute. Han, baina, beti ardiei adi egon behar izaten dugu, artalde asko daudenez, eta elkar nahas ez daitezen. Euria edo kazkabarra egiten duenean ere arditara joan behar izaten dugu... Eguraldi onarekin ederki egoten da, baina eguraldia azkar aldatzen da, eta adi egon behar izaten dugu".

Txarrak bezala, alde onak ere asko ditu Aralarko egonaldiak Segurolaren ustez. "Aralarko beste txaboletako artzainei bisitak egiten dizkiegu, elkartu eta kartetara jolasten dugu. Kalean ez bezalako giroa dago han, gazte dezente biltzen gara, eta polita izaten da. Nire oporrak horrelakoxeak izaten dira. Igoal hilabete egoten gara kalera jaitsi ere egin gabe, goizetan ardiak jezten eta iluntzetan gazta egiten. Eguzki plakekin daukagu argindarra jarrita, eta ardiak jezteko makina ere jarri berri dugu. Hilabete osoa han pasatutakoan kalera jaitsi eta 'ostras, nora jaitsi gara?' izaten da askotan burura datorkiguna".

Aldarriak kalera

Artzaintzan eta oro har lehen sektorean gazteek lan egiteko dituzten zailtasunek kezkatzen dute Segurola. Horregatik, aurreko hilabeteetan baserritarrek egindako hainbat mobilizaziotan aktiboki parte hartu du. "Egoera gero eta estuago dago lehen sektorean lan egin nahi dutenentzako: paperak direla, prezioak, elikagaiak kanpotik datozela... Eta gazteek gero eta zailtasun gehiago dituzte lehen sektorean hasteko edota jarduteko. Ez dakit hori horrela zergatik den, gaizki kudeatzen delako, ez dagoelako edota ez delako interesatzen. Nire anaiak 20 urte ditu, ardiekin hasi nahi du lanean, eta oso zaila ikusten du aurrera egitea. Otsailaren 12ko mobilizazioan erakutsi genuen gazte asko gaudela lehen sektorean jardun nahi dugunak, eta gu garela etorkizuna. Jokoan dagoena ez baita lehen sektorearen etorkizuna bakarrik; azken batean, gizarte osoaren etorkizunaz ari gara".

Kimikako ikasketak aurten bukatuko ditu Segurolak, eta etorkizunean zertan arituko den ez du garbi. Argi du, ordea, nahiz eta beste toki batean lan egin, beti izango dela artzaina, eta era batera ala bestera artzaintzari lotuta bizi nahi duela. Kazetariarekin hitz jarduna bukatu orduko, arditara joan da Segurola.

Segurola gaztandegian, etxean egindako gazta bat erakusten. (N. Uranga)