Apirilaren 26rako gizonei zuzendako ikastaroa antolatu du Emakumeen Txokoak

Nerea Uranga 2024ko api. 12a, 12:06
Emakumeen Txokoa.

Gizontasunak desmuntatzen: indarkeriatik aukera feministetara da Emakumeen Txokoan izango den ikastaroaren izenburua, eta Eihera kooperatibako Iñigo Etxezarretak gidatuko du. Doan da, baina aurrez izena ematea beharrezkoa da.

Gizonek feminismoarekiko duten arduraz jardungo dute ,Gizontasunak desmuntatzen: indarkeriatik aukera feministetara izenburu hartuta, apirilaren 26rako (ostirala) Emakumeen Txokoan antolatu duten ikastaroan; 17:00etatik 20:30era artean izango da. Eihera kooperatibako Iñigo Etxezarreta ariko da gidari.

Ikastaroa gizonentzako bakarrik da, eta doan. Saioan parte hartzeko aurrez izena eman behar da 688 75 10 00 telefono zenbakira edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita.

Ikastaroaren nondik norakoak ere azaldu ditu Emakumeen Txokoak, hala adierazi du: "Azken urteetako mugimendu feministaren indar eta gorakadak eztabaida eta korapilo asko ekarri ditu gurera. Indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak plazaratzearekin batera, horren gaineko ardura eta erantzukizunak ere ipini dira erdigunean eta, horrek, erresistentzia batzuk ekarri ditu. Gizonek feminismoarekiko duten arduraz asko eztabaidatu dugu, baina zer egin eta nola jokatu ez jakitearen aitzakiapean, inguruko gizon askok ez dute nahiko aurrerapausorik eman. Hori bera lantzeko aukera izango dugu saio honetan, eztabaida erreakzionarioak alde batera utzi, botere eta indarkeriaren irakurketa egin eta erabaki feministak hartzeko".