Dantz Point Azpeitira iritsiko da maiatzean

Maialen Etxaniz 2024ko api. 11a, 14:50
2020an egindako Dantz Pointeko irudia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Sanagustin kulturgunean egingo dute Azpeitiko jaialdia. Aurrerago jakinaraziko dituzte xehetasunak. 

Musika elektronika eta kultur ondarea uztartzen dituen Dantz Point ekimena Azpeitira iritsiko da aurten. Gaur aurkeztu dituzte Dantz Point egitasmoaren aurtengo aldia eta Dantz jaialdia, Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen martxan Dantz Point, eta 2019tik hona 80 saiotik gora egin dituzte Gipuzkoan. 

Larunbat honetan hasiko da 2024ko Dantz Point Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta maiatzaren 11n egingo du geldialdia Azpeitian. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Sanagustin kulturgunean egingo dute Azpeitiko jaialdia. Aurrerago jakinaraziko dituzte xehetasunak. Azpeitira ez ezik, Eibarrera (ekainak 22), Errenteriara (abuztuak 31) eta Elgoibarrera (irailak 21) ere helduko da jaialdia, besteak beste. 

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako foru zuzendariak azaldu duenez, "Dantz Point proiektu kultural bat da, musika elektronikoaren eta garaikidearen bidez gure ondarearen aberastasuna ospatzen duena, eta "erreferente bat" bihurtu dela ere nabarmendu du. "Dantz Point sormen eta adierazpen artistikoaren erreferente bihurtu da Gipuzkoan, 80 saio baino gehiago egin baitira orain arte. Ekimen hori hazi egin da, eta lurralde osoan zabaldu da, baita Espainiako Estatuan eta nazioartean ere". 

2020an, pandemia betean, ere egin zuten Dantz Point Azpeitian. Orduko hartan ezohiko edizioa egin zuten.