Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia eguna ospatuko dute hilaren 27an Azpeitian

Intza Trula 2024ko api. 10a, 17:00
Aniztasun Izpiak egunaren aurkezpen ekitaldia, gaur, Azpeitiko udaletxean. (Intza Trula)

Egun osoko egitaraua prestatu dute Azpeitiko Udalak eta Kilometroen lantaldeak hainbat eragilerekin elkarlanean. Azpeitia herri "anitza" dela islatu nahi dute.

Euskara eta aniztasuna ardatz hartuta ospatuko dute apirilaren 27an Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia festa Azpeitian. Egun osoko egitarau oparoa prestatu dute Azpeitiko Udalak eta Kilometroen lantaldeak Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, Berria, Guka, UEMA eta Ikastolen Elkartea eragileekin elkarlanean, besteak beste. Hala, gaur arratsaldean aurkeztu dituzte festaren nondik norako guztiak Azpeitiko udaletxean egindako agerraldian.

Hain justu, Azpeitiko Ikasberri ikastolak hartu du aurten Kilometroak jaia antolatzeko ardura, eta urte osoko egitarauaren barruan Kilometroak Txikia antolatzeko asmoa zuen. Ikastola hiru ardatz nagusi lantzen ari da urte honetan: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Gorka Artola Azpeitiko ikastolako ordezkariak azaldu duenez, hiru ardatz horiek oinarri hartuta herriko elkarteekin biltzen hasi ziren Kilometroen ordezkariak, eta hain justu, elkarlan horren emaitza da Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia. Artolaren aburuz, Aniztasun Izpiak egunak "bete-betean" uztartzen ditu Kilometroen urtean landu nahi dituzten hiru ardatzak: "Euskara ikastolen ardatza eta oinarria da, eta euskara ardatz ez ezik, zubia ere bada: gainerako kulturekin eta hizkuntzekin egin nahi dugun zubia".

Nagore Arroita udaleko Gizarte Zerbitzuetako aniztasuneko gizarte langileak azaldu duen moduan, "hainbat jatorritako azpeitiarrek beren herrialdeetako hizkuntza, kultura eta ohiturak ezagutzera ematea" da Aniztasun Izpiak festaren helburuetako bat. Horrez gainera, "euskara plazara ekartzeko eta ezagutzen ez dutenei ezagutarazteko edota haiekin partekatzeko gunea" izango dela ere gaineratu du.

Halaber, Arroitaren esanetan, Azpeitia herri "anitza" dela ere islatu nahi da apirilaren 27an. "Sexu, arraza, hizkuntza, kultura eta jatorri ugaritako pertsonak bizi gara elkarrekin, eta balio handia duen kultura anitzeko herria osatzen dugu".

"Euskara zubi eta helburu"

Euskara eta Kulturartekotasuna proiektua abian da Azpeitian, eta Aniztasun Izpiak eguna ere proiektuaren barruan kokatu dute. Udalak, UEMAk, HUHEZIk eta herriko ikastetxeek zein eragileek aurrera daramaten proiektua da Euskara eta Kulturartekotasuna. "Euskara zubi eta helburu izatea nahi dugu", dio Artolak. "Kulturarteko harremanen adierazpidea euskara izatea nahi genuke. Gure lurreko hizkuntza delako, alde batetik; eta euskaratik eraiki nahi ditugulako herri honetako askotariko harremanak, bestetik. Aniztasunaren harreman hizkuntza euskara izanda, Euskal Herrian hizkuntza gutxiagotua kulturarteko harremanen zubi eraikitzailea izatea nahi dugu, hain zuzen".

Herrigintza da hirugarren eta azken ardatza. "Ikastola herriko eragile gisa ulertzen dugu", aipatu du Artolak. Zera gehitu du: "Herriari gure onena ematen saiatzen gara. Hemen ere, baina, besteekin gara gu, eta ez gu bakarrik. Herrian txertatuta gaude, eta hala egon nahi dugu. Horregatik, ahalegin berezia egin dugu egun honetako egitarau osoa herrian txertatuta dauden gainerako eragileekin elkarlanean antolatzeko. Ekintza guztiak elkarlanean antolatu ditugu, elkarlanean sinesten dugulako, komunitatearen indarrean, auzolanean".

Lierni Aranburu ikastolako kideak aurkeztu du hilaren 27ko egitaraua. 12:00etatik 14:00etara hainbat herrialdetako postuak jarriko dituzte plazan, hala nola Nikaragua, Honduras, Argentina, Sahara, Peru, Maroko, Kuba, Euskal Herria eta Mali. Horrez aparte, Elkar-ekin, El Salvador zein Behar Bidasoa elkartekoek ere jarriko dituzte mahaiak. Aipatutako postuetan, besteak beste, eskulanak, argazkiak, arropa eta jatekoa egongo dira eskuragarri. Musikarik ez da faltako egun osoan zehar, eta haurrentzako zein helduentzako askotariko jarduerak ere izango dira: besteak beste, zumba, haurrentzako jolasak, Ekain Txou eta herri bazkaria egingo dituzte plazan. Herri bazkarira joan nahi duenak txartela erosi beharko badu ere, gainerako jarduerak doakoak izango dira.

Arroitak azaldu duenez, "elkarren berri izateko eta elkar aitortuak izateko gogoz" elkartu ziren udala, Kilometroen ordezkariak eta eragileak. "Gogotsu" helduko diote apirilaren 27ko egitarau zabalari, eta guztiak animatu dituzte festara joatera eta jardueretan parte hartzera.

Hori horrela, honakoa da apirilaren 27an ospatuko duten Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia egunaren egitaraua:

  • 11:15. Ongietorria. Aurreskua eta ekintzen aurkezpena.
  • 11:30. Zumba guztiontzat, Regla Hernandezen eskutik.
  • 12:00. Herrialdeen postuak eta ikuskizuna, herriko plazan.
  • 12:00. Haurrentzako jolasak, Azoka Plazan. Berria egunkariak eta Dislegi elkarteak antolatuta.
  • 14:00. Herri bazkaria, Azoka Plazan.
  • 16:30. Ekain Txou, herriko plazan. Berria egunkariak antolatuta.
  • 19:00. Krostadarra (kros anitza, 1,2 kilometroko ibilbidea). Atzegi eta Marea Urdina elkarteekin elkarlanean antolatuta.
  • 19:30. Skapaie elektrotxaranga.
  • 22:30. Belako eta Nize taldeen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.

* Herri bazkarirako txartelak non? Herri bazkarirako txartelak apirilaren 17a baino lehen erosi behar dira Elikagunean edota Kilometroen webgunean (Kilometroak.eus). 0-5 urte artekoentzat doan izango da, 6-15 urte artekoek 5 euro ordaindu beharko dute, eta 16 urtetik gorakoek 10 euro.