"Erronka bota" du udalak: Azpeitian errenta aitorpenen erdiak euskaraz izatea lortu nahi du

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 9a, 12:29
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasunak Azpeitian dituen bulegoen sarrera, artxiboko irudian.

Aurten ere errenta aitorpena egiterakoan herritarrek euskara erabiltzea bultzatzeko kanpaina martxan jarri du erakundeak, UEMArekin elkarlanean. Iaz errenta aitorpena egin zuten herritarren %46,2k aukeratu zuen euskara.

Gipuzkoan atzo hasi zen 2023ko errenta aitorpenen kanpaina. Uztailaren 1ean amaituko da kanpaina hori, eta aurreko urteetan bezala, herritarrek beren errenta aitorpenak euskaraz egitera bultzatu nahi ditu Azpeitiko Udalak. UEMArekin elkarlanean, kanpaina jarri du martxan erakundeak. Iaz, errenta aitorpena aurkeztu zuten 8.320 herritarren %46,2k aukeratu zuen euskara, eta aurten kopuru hori gainditzea nahi du udalak. Hain zuzen ere, "erronka bota" dute udal arduradunek eta UEMAk: herrian egiten diren aitorpenen erdiak euskaraz izatea lortzea.

Internet bidez, telefonoz, banketxean zein aholkularitza bidez, errenta aitorpena egiteko aukeratzen duten "modalitate guztietan" hauta dezakete herritarrek aitorpena euskaraz egitea. Kasu bakoitzean eman beharreko pausoak gogora ekarri ditu Azpeitiko Udalak:

  • Autolikidazio proposamenak: jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein Internet bidez, euskaraz egin nahi dutela eska dezakete herritarrek; hautu hori eginda, aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkiete.
  • Mekanizatua: hitzordua hartzerakoan adierazi dezakete herritarrek harremana euskaraz izan nahi dutela. Horrela eskatuz gero, Ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakete, bai aurrez aurre, bai telefonoz zein Internet bidez. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso dezakete.
  • Internet bidez: aitorpena euskaraz egin nahi dutenek errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi dezakete Internet bidez, eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara aukeratu.
  • Aholkularitza zerbitzuren bat aukeratuz gero, berriz,  espresuki adierazi beharko dute herritarrek aitorpena euskaraz egin nahi dutela. Beste bideren batetik egiten dutenek ere –finantza erakunderen baten bidez, esaterako– euskaraz egitea eska dezakete.