"Trasteleku komunitarioen" inguruko batzarra egingo du udalak Alde Zaharreko bizilagunekin

Maialen Etxaniz 2024ko api. 8a, 15:47
Elizkalea artxiboko irudi batean. (Maialen Etxaniz)

Apirilaren 15ean egingo dute bilkura udaletxean. Alde Zaharreko bizilagunen "espazio faltari" aterabidea ematea da trastelekuen proiektuaren xedea.

Azpeitiko Udalak "trasteleku komunitarioak" sortzeko proiektua dauka esku artean. Hori dela eta, Alde Zaharreko bizilagunekin bilkura egingo du udalak hilaren 15ean, 19:00etan udaletxean, haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko.

Udalak azaldu duenez, Alde Zaharreko bizilagunek bolumen handiko materialak gordetzeko arazoak izan ohi dituzte, "etxeen ezaugarriak" tarteko; izan ere, "portal txikiak izatea eta igogailu falta" ohikoa da Alde Zaharreko eraikinetan, eta, ondorioz, "espazio falta" izaten dute bizilagunek. Egoera horri irtenbidea eman nahian proposatuko du udalak trastelekuak martxan jartzeko ideia.