Partida erabakigarriak jokatuko ditu ISBk asteburuan

Iraia Oteiza 2024ko api. 3a, 14:00
Juaristi ISBren partidetako bateko irudia. (ISB)

Juaristi ISBk azken jardunaldia jokatuko du larunbatean etxean, Juventud Alcala taldearen aurka, eta partida erabakigarria izango da taldearentzat, jaitsiera postuetan sartu ala ez izango duelako jokoan. Aldiz, Final Fourrera sailkatu da Domusa Teknik ISB, eta multzoko lider den Barakaldoren aurka neurtuko ditu indarrak, igandean, Barakaldon. Klubaren 50. urteurrenaren bueltako hurrengo omendua, berriz, Josemi Etxaniz Perez izango da.

ISBko talde nagusiek partida garrantzitsuak jokatuko dituzte asteburuan. Gizonen taldeak azken jardunaldia izango du larunbatekoa, eta "hil ala biziko" partida jokatuko du, jaitsiera postuetan sartu ala ez izango duelako jokoan. Emakumeen taldea, aldiz, Final Fourrera sailkatu da, eta multzoko liderraren aurka jokatuko du igandean, Barakaldon.

Juaristi ISBko gizonek Juventud Alcala taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak larunbatean, 20:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Partida erabakigarria izango dute asteburukoa, aurkaria bederatzi partida dagoelako irabazita, eta Juaristi ISB hamar. Hori horrela, Juventud Alcalak irabaziz gero, Juaristi harrapatuko luke, eta jaitsiera postuetan jokatzera pasako lirateke ISBko gizonak. Aldiz, irabaziz gero, ziurrenik play-off partidak jokatuko lituzke etxeko taldeak. Azken jardunaldia denez, eta partida garrantzitsua izanik, partidarako sarrera doakoa izango da, "afizioaren babesa ezinbestekoa" dutelako.

Domusa Teknik ISBko emakumeak, berriz, Ausarta Barakaldo multzoko talde liderraren aurka neurtuko dituzte indarrak igande eguerdian, 12:30ean, Barakaldon. Bi jardunaldiren faltan, hirugarren postuan dago etxeko taldea, eta Final Fourrera sailkatu da. Hala ere, "ahalik eta posturik onenean" amaitu nahi dute liga, eta bigarren postura igotzen saiatuko dira, hurrengo bi neurketetako bat, behintzat, irabazita. Barakaldoko partidara joateko autobusa antolatu du ISBk: 09:30ean Azpeitiko anbulatorio paretik irtengo da, eta Azkoitiko Julio Urkixo kaleko geltokian egingo du parada 09:40ean. Autobuserako izen-ematea ostirala baino lehen egin beharko da 688 65 71 19 telefono zenbakian, edota klub@isb.eus helbidera idatzita. Partidarako sarrerak ezingo dira aurrez eskuratu; Barakaldoko txarteldegian erosi beharko dira, 5 euroren truke.

Josemi Etxaniz Perez, hurrengo omendua

50. urteurrenaren bueltan, klubeko pertsona eta talde esanguratsuak omentzen ari da Iraurgi Saskibaloia, eta larunbateko Juaristi ISBren partidan, Josemi Etxaniz Perez omenduko dute Azpeitiko kiroldegian. "ISBren hasierako urteetan aldeak markatzen zituen jokalari aparta izan zen Etxaniz, gaur egun ACB bezala ezagutzen den ligara ere iritsi zena. Gizon handia da bera, eta ez altueran bakarrik, Iraurgi Saskibaloiaren mesedetan era guztietako lanak egin baititu, zuzendaritzako kide, entrenatzaile eta behar izan denean speaker ere izan baita. Bizitza guztian Iraurgi Saskibaloiaren mesedetan egin eta eman duen guztiagatik, jaso dezala merezi duen omenaldia Josemi Etxaniz Perezek", adierazi du klubak.

Josemi Etxaniz Perez, ezkerrean. (Iraurgi Saskibaloia)