Asteburu makurra ISBrentzat

Ane Olaizola 2024ko api. 1a, 09:00
Domusa Teknik ISBren atzoko partidako une bat. (Mikel Amenabar)

Domusa Teknik ISBk 63-68 galdu du Bosonit Unibasket taldearen aurka etxean, eta Juaristi ISBk 93 eta 84 galdu du Bueno Arenas Albacete Basket taldearen aurkako norgehiagokan. 

Jardunaldi makurra izan dute ISBko talde nagusiek asteburuan. Emakumeek eta gizonek larunbatean jokatu zituzten azken jardunaldiko neurketak, aurrenak etxean, eta bigarrenak kanpoan. LF2 ligako Domusa Teknik ISBk Azkoitiko kantxan hartu zuen Bosonit Unibasket taldea, eta partida estua izanagatik, Azkoiti-Azpeitiko emakumeek ezin izan zuten irabazi; hain zuzen, 63-68 amaitu zen partida. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko hirugarren postuan da Domusa Teknik ISB, eta datorren astean etxetik kanpo jokatuko du, Ausarta Barakaldo liderraren aurka. 

Juaristi ISBk, bestalde, Bueno Arenas Albacete Basket taldearen aurka neurtu zituen indarrak Albaceten (Espainia), baina gizonek ere ezin izan zuten aurkaria mendean hartu, eta 93 eta 84 galdu zuten partida. Une honetan, 35 punturekin, sailkapeneko bederatzigarren postuan da Juaristi ISB, eta datorren astean 12. postuan den Juventud Alcalaren aurka jokatuko du, etxean.  

Azkoitiko kiroldegiko langileak, asteko omenduak

50. urteurrenaren bueltan, klubeko pertsona eta talde esanguratsuak omentzen ari da Iraurgi Saskibaloia, eta larunbatean Domusa Teknik ISBren partidan, Azkoitiko kiroldegiko lantaldeari egin zioten omenaldia. "Urte asko daramatza ISB-k Azkoitiko kiroldegian partiduak jokatzen. Hainbeste partidu antolatu eta jokatu ahal izateko ezinbestekoa izan da Azkoitiko kiroldegiko langileen laguntza. Lehen egunetik gaur arte beti alboan izan ditugu bidelagun. Horregatik, beraien ahalegin eta laguntzagatik ISBk Azkoitiko kiroldegiko langileak omendu nahi ditu, bereziki Juan Miguel Azkoitia eta Iñaki Alberdi Potte", adierazi du klubak.