Domusa Teknik 40MLK eta 15MLK lasterketetan parte hartuko duten puntako korrikalariak, zehaztuta

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 26a, 12:29
Iazko lasterketaren irabazle Borja Zubizarreta izango da Domusa Teknik Lanak aurkeztuko duen hirukotearen burua. (Ihintza Elustondo)

Domusa Teknik 40MLK ultra trailaren hirugarren edizioan eta Domusa Teknik 15MLK lasterketaren lehen aldian parte hartuko duten puntako kirolarien berri eman dute antolatzaileek. Marta Molist, Aritz Egea, Gemma Arenas, Oihana Azkorbebeitia, Eli Rios, Miguel Heras, Zaid Ait Malek, Lluis Ruiz Oller, Andres Jover, Borja Zubizarreta, Goar Lopetegi, Alvaro Ramos, Onditz Iturbe... izango dira maiatzaren 4ko hitzorduan.

Gero eta gutxiago falta da Domusa Teknik 40MLK ultra trailaren hirugarren ediziorako eta Domusa Teknik 15MLK lasterketaren lehen aldirako. Maiatzaren 4an jokatuko dituzte bi probak, Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta, eta Domusa Teknik da kirol proben babesle ofiziala. Aspalditik izen emate guztiak beteta daude –izen ematea zabaldu zen egunean bertan agortu ziren bi probetarako dortsal guztiak–, eta dagoeneko azken xehetasunak ixten ari dira antolatzaileak. Lasterketetan parte hartuko duten puntako kirolarien berri eman dute gaur.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mota guztietako lasterkariek parte hartuko dute kirol probetan; mendian lehen pausoak eman nahi dituzten hasiberriak ez ezik, Munduko Trail Innsbruck 2023 txapelketan ibili diren elite mailako lasterkariak ere izango dira maiatzaren 4ko hitzorduan; besteak beste, Marta Molist, Aritz Egea eta Gemma Arenas. "Bi probetan eliteko korrikalariek parte hartuko dute, horietako asko Munduko Trail Txapelketako beteranoak dira, eta lasterketaren ospe gero eta handiagoaren lekuko da hori", adierazi dute sustatzaileek.

Mendi lasterketetan "mundu mailan oso ezagunak diren izen handiko lasterkariak" izango dira bi proben irteera lerroan. Antolatzaileek adierazi dutenez, lasterketa nagusian bakarrik dozena erdi bat lasterkari daude Munduko Ultra Txapelketetan partu hartu dutenak, Espainiako Atletismo Federazioarekin nahiz Espainiako Mendiko Kirol eta Eskalada Federazioarekin.

Hainbat izen handiko kirolari

Emakumezkoen artean, Gaztela-Mantxako (Espainia) Gemma Arenasek (Joma Trail) brontzezko domina lortu zuen Thailandian 2022an, eta Kataluniako Marta Molist (Crazy) taldekako urrezko dominaren parte izan zen Arenasekin batera. Bi kirolari horiek Oihana Azkorbebeitia bizkaitarra (Euskal Mushing) –azken bi edizioetako irabazlea– eta Eli Rios boliviarra (The North Face) izango dituzte aurrez aurre proba luzean.

Gizonezkoei dagokienez, Miguel Heras izango da protagonista nagusia proba nagusian. Palmares luze baten ondoren, gaztelarrak (Espainia) munduko ultra lasterkari onenen artean jarraitzen du 48 urterekin. 2024an Joma Trailek fitxatu du, eta zilarrezko domina eman zion taldeari Transgrancanaria 125K lasterketa esanguratsuan. Bestalde, Zaid Ait Malek Espainiako selekzioko beteranoa izan da hainbat munduko txapelketetan, eta maila handia du. Horiekin batera, urtez urte maila hobetzen ari diren beste bi lasterkari izango dira: Lluis Ruiz Oller kataluniarra (La Sportiva) eta Andres Jover kataluniarra (Lurbel Team).

Domusa Teknik Lana etxeko taldeak, bestalde, "hirukote indartsua" aurkeztuko du mundu mailako lasterkari horiei aurre egiteko: Borja Zubizarreta azkoitiarra –azken edizioko txapelduna– buru delarik, Goar Lopetegi ibarrarra (Gipuzkoa) eta Alvaro Ramos salamankarra (Espainia) izango dira lehian.

26 kilometroko distantzia izango duen eta lehen aldiz jokatuko den Domusa Teknik 15 MLK lasterketan, gainera, elite mailako lasterkari gehiago izango dira, hala nola Domusa Teknik Lana taldeko bi liderrak: Onditz Iturbe bata, Espainiako trail txapeldun izendatu berria, eta Aritz Egea beteranoa, 2023an Espainiako Ultra Traileko titulua lortu zuena eta Domusa Teknik 40MLK probaren lehen edizioaren irabazlea. "Emakumeetan faboritoak ez du podiuma lortzea zeregin erraza izango, Alba Sanegrek eta Irantzu Txintxetruk ezustekoa eman baitezakete", jakinarazi dute antolatzaileek.

Hainbat izen mahai gainean, ikusteko dago maiatzaren 4ean zer gertatuko den.