Aste Santuan zabalik izango da turismo bulegoa

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 25a, 15:43
Basazabalen kokatzen da turismo bulegoa.

Azpeitia ezagutu nahi duten bisitariei arreta emateko, gaurtik datorren astelehenera bitartean irekita izango da Basazabalen kokatzen den turismo bulegoa. Era berean, bisita gidatuak izango dira Igarako errotan, ostegunetik igandera.

Aste Santuko egunetan Azpeitia ezagutzera etortzen diren bisitariei arreta eman ahal izateko, gaurtik –astelehena– datorren astelehenera arte irekita egongo da turismo bulegoa. Basazabalen dago bulegoa, eta honako ordutegia izango du: gaurtik asteazkenera, 10:00etatik 14:00etara; eta ostegunetik astelehenera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Herriko turismo eskaintza osatzeko, Igarako errotan bisita gidatuak ere izango dira Aste Santuan: ostegunetik igandera –martxoaren 28tik 31ra–, egunero, 12:00etan. Ur errotak eta bertako errotarien lana desagertzeko zorian dauden arren, garai bateko energia iturri berriztagarrien erabilera ezagutzeko aukera eskaintzen du Igarako errotaren bisitak. Hain zuzen, errekako uraren indarrak mugitzen duen XVIII. mendeko errota martxan ikusteko aukera izango dute bisitan parte hartzen dutenek. Bisita gidatua egiteko ez dago aurrez izena eman beharrik.