Maiatzaren 18an egingo dute aurtengo Etxera Eguna

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 22a, 09:12
Iazko Etxera Egunean plazan egin zuten mosaikoa. (Aitziber Arzallus)

Krosa, herri bazkaria Xiberoots taldearen kontzertua eta zehazten ari diren beste hainbat hitzordu izango ditu aurten ere euskal presoen eskubideen aldeko festa giroko jardunaldiak. "Etxera Eguna indartsu" datorrela aurreratu dute antolatzaileek.

"Data gordetzeko" deiarekin batera jakinarazi du Azpeitiko Sarek Etxera Egunarenaurtengoaren data: maiatzaren 18a, zapatua. Euskal presoen eskubideak festa giroan aldarrikatuko dituzte aurten ere Etxera Egunean. Goizetik gauera, ekitaldiz betetako jardunaldia izango da maiatzaren 18akoa, eta hori prestatzen ari dira antolatzaileak.

Oraindik zehazteko dute egitarau osoa, berrikuntzaren bat tartean dela, baina antolatzaileek aurreratu dute "Etxera Eguna indartsu" datorrela aurtengoan. Urtero huts egiten duten krosa eta herri bazkaria ez dira faltako; horietarako izen emateak eta gainerako xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte. Eguneko musika emanaldi nagusia, berriz, Xiberoots taldeak eskainiko du.