Denis Arzalluz bigarren, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 20a, 16:51

Arzallus tekla kategorian aritu zen lehian, B mailan, hain zuzen. Musikari azpeitiarrak martxoaren 9an eskaini zuen emanaldia Steinway & Sons pianoan. 

Denis Arzalluz azpeitiarra bigarren sailkatu da Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan, teklen kategorian.

Martxoaren 9tik 17ra egin zuten Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketaren XVII. edizioa. Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketara Donostiako, Gasteizko eta Bilboko musika kontserbatorioek antolatzen dute, eta instrumentu ezberdinak jotzen dituzten musikariek hartzen dute parte bertan. Arzallus tekla kategorian aritu zen lehian, B mailan, hain zuzen. Musikari azpeitiarrak martxoaren 9an eskaini zuen emanaldia Steinway & Sons pianoan, Bartoken eta Chopinen obrak interpretatu zituen Arzallusek, eta egindako lanagatik saritu zuten hilaren 17an egindako sari banaketan. Lehen saria Hondarribiko Jakes Txapartegik jaso zuen.

Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketako aitortza tarteko, pianoko klase bat jasoko du Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.