GUTUNA

Hil ala bizi

Idoia Etxeberria Olaizola 2024ko mar. 20a, 09:33

Idoia Etxeberria Olaizolak idatzitako gutuna da hau:

Ez dakit nondik hasi, amaieratik hasiko naiz, Andoni hil da.

Zmz? (zer moduz?) - galdetu didate.

Hementxe, pixkanaka….- erantzun diet.

Esango banu, sentitzen eta pentsatzen dudan guztia… ezingo nuke. Hasi, hasi naiz idazten, ez dakit nola amaituko dudan, amaitzen badut.

Korapilo nekagarri eta askaezin handi honen hasiera bai, badakit non eta noiz izan zen. Nire senarra, bizitzako bidelaguna zena, semearen aita maite, senideen kuttun, eta askoren bihotzeko laguna, moto istripuz hil zen errepide zeken horretan eta egun triste horretan, une ilun horretan hasi zen korapiloa.

Orain, hau idaztera ekarri nauen arrazoiari eustea hobe, haserreak eta nekeak gain hartu aurretik.

Lehen egunetik, heriotzari dagozkion tramite eta paper guztien eskaerek ia erotu gaituzte. Heriotzaren lehen egunak igarota, gizartearen zati batentzat bukaera denean, orduan hasten da benetako infernua.

Heriotzak berak dakarzkien ordainketak, ehorztetxea, aholkularitza, aseguru etxeak, abokatuak, notarioa...

Administrazioak eskatutako kolore, neurri eta mota guztietako paper, dokumentu eta ziurtagiriak, hala nola epaitegiak eta bankuak.

Hemen dator benetako bakardadea eta beldurra, gatazka handi baten erdian, biluzik.

Ezin dezaket ulertu, une larri horretan, administrazioak nola ez duen esku hartzen laguntzeko, eta ez itotzeko. Aurrez esanda ere, gorriz azpimarratu nahi nituzke, bankuak eta aseguru etxeak. Haragi bizitan utzi nauzue, zoazte pikutara!

Haserretu nauzue! Baretuko ote naiz?

Milaka galdera, ehunka azalpen... zenbat amorru, neke eta negar malko.

Erokeriaren erdian, nire kasuan, familiak, lagunek eta terapeutak eutsi naute. Eskerrik asko.

Nire mina, galera eta gabezia betirako izango dira. Maite zaitut Andoni.

Idoia Etxeberria Olaizola