Pasaiako segadan hildakoak oroituko ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak larunbatean

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 19a, 14:25
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Pasaiako segadan hilsakoak oroitzeko iaz egindako ekitaldia. (Kontseilu Sozialista)

Martxoaren 22an 40 urte beteko dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Gertaera hori salatzeko eta hildakoak oroitzeko, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak egitaraua prestatu du larunbaterako. Erakusketa, hitzaldia, bazkaria eta ekitaldia izango dira Esklabetan.

Martxoaren 22an 40 urte beteko dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Gertaera hori salatzeko eta hildakoak oroitzeko, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak egitaraua prestatu du larunbaterako, martxoak 23. "Lau kide horiek zein borrokan eroritako iraultzaile guztiak gogora ekarri eta gure oroimenean bizirik jarraitzen dutela adierazi nahi dugu", azaldu du Kontseilu Sozialistak.

"Pasaiako sarraskia estatu kapitalista zapaltzaileak militante iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren sinboloetariko bat bezala" dela Euskal Herrian nabarmendu du Kontseilu Sozialistak. Pasaiako sarraskian hildako lau kideek herriaren oroimenean bizirik jarraitzen dutela adierazi dute, eta horren adierazle direla Esklabak Zentro Sozialistan dituzten monolitoa eta zuhaitza; "borroka iraultzailearen memoria kolektibo horren sinbolo, hain zuzen".

"Urteurren esanguratsu" honetan, Kontseilu Sozialistari "beharrezkoa" iruditzen zaio adieraztea "estatu kapitalistaren basakeria" ez dela "iraganeko kontua". Alderantziz, baizik: "Kontrara, egun bizi dugun krisi testuinguruan, estatuen biraketa autoritarioa bizitzen ari gara. Horren adierazle ditugu egitura militarren indartzea, poliziaren hedatze eta normalizazioa zein faxismoaren gorakada, besteak beste. Azken instantzian, estatuaren biraketa autoritarioak proletalgoaren antolakuntza independentea eta iraultzaren mehatxua saihestea dutelarik helburu".

"Iraultzak egingo die justizia"

"Esperientzia iraultzaileen aitortza egitea eta beraien ekarpenak jasotzea" dagokiola azladu du Kontseilu Sozialistak, "egungo erronkei aurre egin ahal izateko, borrokan bizia eman zuten iraultzaileak gogora ekarri eta beraien konpromiso militantea zein borrokaren zilegitasuna aldarrikatzearekin batera".

"Komuniston eginbehar etiko eta politikoa da klase zapalkuntzarekin amaitzeko eta proletalgoaren emantzipazioa lortzeko borrokan bizia eman zuten militante iraultzaileak gogora ekartzea, haien izenak eta borrokak langileriaren oroimen kolektiboan bizirik manten daitezen. Iraultzak egingo die justizia!", erantsi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. 

Egitaraua

Honako hau da Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak larunbaterako prestatu duen egitaraua. Ekintzak Esklabak Zentro Sozialistan izango dira.

  • 12:00.
    -Erakusketa.
    -Hitzaldia: Eguneko gertakariak eta testuinguru politikoa. Joseba Merino (sarraskian bizirik atera zen kidea).
  • 14:00. Bazkaria.
  • 17:00. Ekitaldia.