Eguraldia lagun, jende asko bildu da Loiolako San Jose festetan

Nerea Uranga 2024ko mar. 17a, 19:17

Haurrentzako puzgarriak, trikitilariak, herri kirol erakustaldia eta zezenak izan dira gaur Loiolan. Jaien barruan, martxoaren 23rako erromeria antolatu dute.

San Jose jaietako egun nagusia izan dute gaur Loiolan. Eguraldia lagun, eguerdi partean eta arratsaldean jende asko bildu da festarako.

Auzo gosariarekin hasi dute eguna, eta goiz osoan zehar haur eta gaztetxoek puzgarrietan jolasteko aukera izan dute basilikaren aurrean.

12:30etik aurrera herri kirol erakustaldia izan da. Aizkoran, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.ak jardun dute, eta harri jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Mikel Lopetegi Urra-k; azken hau, gaur estrainekoz izan da Loiolan. Aizkolariak hasi dira aurrena lanean, hauek egin dituzten lanak honakoak izan dira: tenteka eta etzanda egur bana moztu dituzte, erlojuaren kontra; gero, bosna egur ebaki behar izan dituzte. Aizkolariek azken lanak hasi aurretik, Urrak bi minutuan 21 aldiz jaso du 125 kiloko zilindro zaharra eta Goenatxo III.ak bi minutuan bost aldiz altxatu du 175 kiloko errektangularra. 100 kiloko bolarekin erakustaldia ere egin dute biek. Aizkolariak bosna egur ebakitzeko lanean jardun dutenean, haiek egur bakoitza moztu orduko, harri jasotzaileek lau aldiz jaso behar izan dute 125 kiloko harria.

Arratsaldean ere jendetza batu da Loiolako basilikaren atarian zezenak ikusteko. 16 urtetik gorakoek ibili ahal izan dute Albara ganadutegiko zezenekin jolasean.

Martxoaren 23an jarraituko dute Loiolako festetako ekitaldiek. Ordurako, erromeria antolatu dute Elustondo anai-arrebekin, 22:00etan, Loiolatxo elkartean.