Xabi Saskok irabazi du 41. San Jose Txirrindularitza Saria

Nerea Uranga 2024ko mar. 17a, 14:38

84 kilometrotako ibilbidea egin ondoren Iparralde taldeko txirrindularia izan da Loiolako hiribideko helmugan aurrenekoa. Mendiko saria, berriz, Lohann Vulliez txirrindulariak irabazi du.

Atzo, larunbata, arratsaldean jokatu zen Azpeitia, Zestoa eta Errezilen artean junior mailako 41. San Jose Txirrindularitza Saria, Lagun Onak txirrindularitza elkarteak antolatuta. 15:30ean irten zuten txirrindulariek Ikasberri ikastolaren aurretik, eta 84 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Loiola Hotelaren aurrean zuten helmuga. Lasterketako txapelduna Iparralde taldeko Xabi Sasko izan zen, eta 02:06:37ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko. Haren atzetik, 34 segundora, lau txirrundulari helmugaratu ziren batera: Aimar Fernandez de Gorostiza (Ipar Maquina-Dimaq), Lohann Vulliez (Iparralde), Igor Iriarte (Limousin kartoiak-Oriako) eat Julen Cardona (Ipar Maquina-Dimaq).

Azpeititik irten eta Iraetara egin zuten lehen joan-etorria txirrindulariek, gero Landetatik Goenara igo eta Garmendi Gainera jaitsi ziren. Loiolatik bueltan, berriro Iraeta joan-etorria egin zuten, eta handik Azpeitira bueltan, Gazteko biribilgunean ezkerretara Errezilgo bidea hartuta, bi alditan Altzarte Gaina bi aldiz igo zuten, gero Azpeitian Loiolako hiribideko helmugara iritsiz.

Mendiko saria Lohann Vulliezek irabazi zuen atzoko proban. Altzarteko gainerako lehen igoeran bera izan zen aurrenekoa, eta bigarrengo igoeran, berriz, Sasko izan zen lehenengoa eta Vulliez bigarrena.