Israeli boikota egitera deitu dituzte herritarrak, Palestinarekin elkartasunean

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 15a, 20:30

Elkar-ekinek deituta, Palestinan jazotzen ari den sarraskia salatzeko eta Israeli boikota egitera deitzeko protestak egin dituzte gaur eguerdian eta arratsaldean dozenaka herritarrek Sanjuandegiko biribilgunean. Besteak beste, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresak jarri dituzte jopuntuan. 

Palestinarrek bizi duten "muturreko egoeraz jabetuta", Elkar-ekinek bi protesta deitu ditu gaurko, Genozidioa gelditu, Israeli boikota lelopean. 12:30ean eta 18:30ean egin dituzte elkarretaratzeak Sanjuandegiko biribilgunean, eta dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiekin. Hainbat aldarri atera dituzte kalera hala nola, "Islaeli boikota", "Armagintza gelditu" edo "genozidioa gelditu". Lelo horiek irakur zitezkeen herritarrek eskuetan zituzten karteletan.

Elkar-ekinek azaldu duenez, "egunez egun, are handiagoa da Israel Palestinaren aurka erabiltzen ari den basakeria", eta horren aurrean beste aldera begiratu ezin dela iritzita deitu dituzte herritarrak mobilizatzera. Horren karietara, Islaeli boikota egitearen garrantzia nabarmendu dute, eta jopuntuan ipini dituzte armagintza sektorean aritzen diren hainbat enpresa: "Inoiz baino gehiago, palestinarrei elkartasuna erakusteaz gain, Israelen aurkako boikota bultzatzea dagokigula uste dugu. Eskualdean bertan ditugu Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresak: armagintza sektorean aritzen den eta Israelekin harreman komertzialak dituen Juaristi Boring Milling Machines da nabarmenena. Horrez gain, Emena, Cedreblug, Erlo Group, Elmubas eta Tecnalia aipatu nahiko genituzke, modu batera edo bestera denek dituztelako harreman ekonomikoak Israelekin".

Halaber, "Europako klase politikoa erakusten ari den konplizitatea" salatu du Elkar-ekinek. "Telebistan zein sare sozialetan zuzenean ikusten eta bizitzen ari garen genozidioa da Israel Palestinan egiten ari dena. Beldurgarria da Europako klase politikoa erakusten ari den konplizitatea, eta herritarrok ere, ohitzen ari gara begien aurrean dugun horretara. Gutxi da egiten ari garena", adierazi dute deitzaileek.