'Etorkinen seme-alabak eta euskara. Elkarrekin pentsa dezagun' saioa egingo dute asteazkenean

Intza Trula 2024ko mar. 9a, 09:00
Eskuak. (Pixabay)

Euskara eta kulturartekotasuna gure herrian proiektuaren barruan antolatu dute saioa. Karmele Perez eta Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleek gidatuko dute saioa, 18:30ean, Azoka Plazako aretoan.

Etorkinen seme-alabak eta euskara. Elkarrekin pentsa dezagun saioa egingo dute datorren asteazkenean, hilaren 13an, Euskara eta kulturartekotasuna gure herrian proiektuaren barruan. Mondragon Unibertsitateko Karmele Perez eta Amelia Barquin irakasleak izango dira saioaren gidariak. 18:30ean hasiko da, Azoka Plazako aretoan. 

Azpeitiko Udala, Uema eta Huhezi dira Euskara eta kulturartekotasuna gure herrian proiektuaren sustatzaileak, eta ikastetxeek eta herriko zenbait eragilek ere hartzen dute parte. Egitasmoaren helburua honakoa da: euskara komunikatzeko tresna gisa indartzea, eta euskaraz ez dakiten herrikideei komunikazioa errazteko erremintak eskaintzea, modu horretan, haien parte hartzea sustatzeko.

Hori horrela, asteazkeneko saioan, proiektuaren oinarrizko irizpideak eta orain arteko denboran sortutako galderak eta zalantzak azalduko dituzte Perezek eta Barquinek. Besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: Azpeitiko egoera zein den euskarari eta immigrazioari dagokionez; nola ulertzen dugun kulturartekotasuna; nolako estrategiak erabili bizilagun berriekin euskarara erakartzeko; nongoak diren bizilagun berrien seme-alabak; nola ulertzen dugun identitatearen eraikuntza; nolako erronkak dauden gure herrian eta zer egiteko prest gauden. Itzulpen zerbitzua egongo da gaztelaniara.

Herritar orori zuzendutako saioa izango da, eta hurrengo egunean, ostegunean, herriko lau ikastetxeetako irakasleei bideratutako beste saio bat egingo dute, Etorkinen seme-alabak gure eskolan izenburupean.