Elkarrekin, are indartsuago

Iraia Oteiza eta Urtzi Oteiza 2024ko mar. 7a, 10:00

16 urte izanagatik ere, plazan bere lekua egin du Olaia Esnaola harri jasotzaileak. Dozena bat dira egun harria altxatzen diharduten emakumeak, eta gizonen pare, lehia estuan dabiltza.

Umetatik datorkio Olaia Esnaolari (Azpeitia, 2007) herri kiroletarako zaletasuna, baina duela bi urte hartu zuen harri jasotzen hasteko erabakia, 14 urterekin. Aitari harri jasotzailea izan nahi zuela esan eta berehala hasi zen horretarako entrenatzen, Joseba Ostolazak Orion duen harri eskolan. Duela urte batzuk egoera bestelakoa bazen ere, nabarmen ugaritu dira emakumeak harri jasotze munduan, eta egun dozena bat dira euskal plazetan aritzen diren emakumeak.

Harri jasotze ibilbidea hasi zuenetik "unerik onenean" dago Esnaola, bere nahia betez, 16 urterekin lortu baitu lehen erronka handia: hiru zifrako harria jasotzea. Azpeitiarrak oso presente du iazko abenduaren 3a, egun horretan lortu baitzuen 100 kiloko zilindroa hiru aldiz jasotzea. "Azpeitiko Landeta auzoko San Eloi jaietan erakustaldia egin behar nuen, eta 100 kiloko harria lehen aldiz jendaurrean altxatzen saiatzea erabaki nuen. Zi- lindroarekin aritzea egokitu zitzaidan, eta hiru minuturen barruan hiru altxaldi egitea lortu nuen. Esperientzia gogoangarria izan zen niretzat", gogoratu du Esnaolak.

Baina, urtea amaitzerako, beste helburu bat ere lortu zuen azpeitiarrak, 125 kiloko harri errektangularra bi aldiz altxa baitzuen Asteasuko (Gipuzkoa) plazan. "Behin 100 kiloko zilindroa altxata, errektangularrarekin egin nahi nuen proba, eta 100 kilokoa beharrean, azkenean 125 kilokoa bi aldiz jasotzea lortu nuen".

Hori horrela, Idoia Etxeberria harri jasotzailearen marka gainditzea lortu zuen, Etxeberria oriotarrak 120 kiloko harria errektangularra jaso baitzuen 16 urte zituela. Marka horiek lortuta, hilabete "ezin hobeak" izaten ari direla dio Esnaolak, "sentipen oso onekoak".

Prestaketa lanak

Astean bitan izaten ditu entrenamendu saioak Esnaolak, astelehenetan eta ostegunetan, Joseba Ostolazak Orion duen harri eskolan. Horretaz gain, eta betiere ahal izanez gero, mendira edo paseora joatea atsegin du, eta gimnasioan ariketak ere egiten ditu, nahiz eta nahiago duen kirola aire librean egitea. Halako pisuko harriak jasotzeko indarra nondik ateratzen duen galdetuta, berezkoa duela argitu du azpeitiarrak, baina entrenamentuetan ere lantzen dutela dio. Halaber, indarra garrantzitsua bada ere, teknikaren beharra azpimarratu du azpeitiarrak: "Indarra baino teknika hartzea gehiago kostatu zitzaidan harria jasotzen hasi nintzenean. Ez da erraza, harri bakoitza modu ezberdin batean altxa behar delako, baina bai beharrezkoa, harria ezin delako edozein modutara jaso".

Harri kubikoa da gehien atsegin duena; harri baldarra, aldiz, deserosoen sentiarazten duena eta momentu txarrak ere pasarazi dizkiona: «Euskal Telebistako Harri herri saioko lehen denboraldia grabatu genuen iaz. Taldeka aritu ginen lehian, eta niri egokitu zitzaidan harri baldarra jasotzea. Lau bat minutu nituen horretarako, eta behin eta berriz saiatu nintzen arren, altxaldi bakarra egitea lortu nuen. Momentu kaskarra izan zen niretzat. Izan ere, kolpea hartu nuen, eta oraindik oroitzen naiz egun hartaz".

Halakoetan urduritasunak ere une latzak pasarazten dituela aitortu du: "Erakustaldietan nahiko ongi kudeatzen dut urduritasuna, baina txapelketetan oraindik kostatu egiten zait lasai egotea. Zerbait gaizki aterako ote zaidan edo baliogabeko altxaldiren bat egingo ote dudan beldurrez egoten naiz. Alferrikakoa den altxaldi bat egiteak ikaragarri izorratzen du".

Emakumeak, indartsu

Duela urte batzuk emakume harri jasotzailerik apenas zegoen arren, ohiko bilakatu da emakumeak Euskal Herriko plazetan harria jasotzen ikustea. "Harri jasotzea jada ez da soilik gizonen kirola", gogorarazi du Esnaolak, eta emakumeen artean "maila oso ona" egoteaz gainera, "lehia estua" dagoela nabarmendu du. "Crossfit-ak herri kirolen munduan murgiltzera eraman du emakume bat baino gehiago, baina talde polita osatu dugunez, gu ikusita, crossfit-ean inoiz aritu ez den jendea ere batu da gurera".

Emakume eta gizon harri jasotzaileen artean ez du inolako bereizketarik nabari Esnaolak: "Gizon zein emakume, harri jasotzaileok denok elkarrekin entrenatzen dugu, sexu bereizketarik egin gabe, eta plazetan ere denok aritzen gara". Altxaldiak "txandaka" egiten dituztela azaldu du, "giro onean eta elkarri babesa emanez". Gauzak horrela, elkarrekin "harreman estua" dutela dio.

Egunotan hainbat erakustalditarako prestatzen ari dira harri jasotzaileak. Esnaolak berak ez du epe motzera erronka berririk ezarri: "Hiru zifrako harriak altxatzea lortu dut eta, oraingoz, behintzat, ez dut bete nahiko nukeen amets berezirik. Udako txapelketei begira dihardut entrenatzen, iaz Euskadiko Kintopeko Txapelketa irabazi nuen Gernikan [Bizkaia], eta aurten ere emaitza onak lortu nahiko nituzke".