Azpeitiko Udala herri akusazio gisa aurkeztuko da inauterietako sexu erasoen auzian

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 6a, 12:19
Inauterietako sexu erasoen kontra Astelehen Karnabalez egindako elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

Aho batez onartu dute martxoko ohiko udalbatzarrean Azpeitiko Udala herri akusazio gisa aurkeztea, "erasotuek ahalik eta defentsarik onena eduki dezaten prozesu judizial osoan eta babes osoa izan dezaten". Amueko plan berezia ere onartu dute, EAJren abstentzioarekin. 2023ko udal aurrekontuaren likidazioa aurkeztu dute, eta udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela nabarmendu. Martxoaren 8aren harira, udal talde bakoitzak mozio bana aurkeztu du, eta biek egin dute aurrera.

Martxoari dagokion ohiko udalbatzarra egin zuten ordezkari politikoek atzo, asteartez, 19:00etan hasita, udaletxeko batzar aretoan. Askotariko gaiak landu zituzten batzarrean, tartean, Jai Karnabalean gertatutako sexu erasoen prozedura judizialean udala herri akusazio gisa aurkeztea edota Azpeitiko HAPOaren Amue 11. Hirigintza Eremurako Plan Berezia behin betiko onartzea. Horrez gain, 2023. ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman zuten bilkuran. Martxoaren 8aren bueltako mozioak ere aurkeztu zituzten.

Lehenik eta behin, HAPOaren Amue 11. Hirigintza Eremurako Plan Berezia onartu zuten, baina EAJ abstenitu egin zen bozketan. Jabier Altuna EAJren bozeramaileak adierazi zuen plana nola sortu zen kontuan izanda, "zalantzak" dituztela. "Tailerra irekitzea nahi izan zenean, lizentzia kendu zitzaigun, eta gero hasi zen udala plan bereziarekin. Hasieratik zalantza horiek dauzkagu, eta plana aztertu ondoren ere, gure ustez, zenbakiak ez datoz bat, batez ere kontuan izanda kutsatutako lurrek ez dakigula zenbateko eragina izango duten. Badakigu prozedura legezkoa dela, baina iruditzen zaigu etxea teilatutik egiten hastea bezala dela. Azpeitiko urbanismoan hamarkadetan izango den operazio garrantzitsuena izango da Amuekoa, eta hurrengo pausoetan epe luzerako begirada izatea eskatzen dugu".

Nagore Alkorta alkateak Altunari erantzun zion Amueko plan bereziaren gaia Corrugados auziaren harira sortu zela, eta eremu hori "erregulatuta" dagoela Hirigintzako fitxa urbanistikoan. "Han argi eta garbi jartzen du, eremu horretan zerbait garatzea nahi bada, plan berezi bat egin behar dela. Hitz eman genuen guk plan berezi hori garatzeko pausoak emango genituela, eta iritsi gara behin betiko onarpenera; beraz, guretzako onarpen oso garrantzitsua da, bide emango duelako gune hori herri erabilerarako baliatzeko". Bide hori "elkarrekin" egitea izango litzatekeela egokiena iradoki zuen alkateak.

Aho batez onartu zuten, bestalde, inauterietan gertatu ziren sexu erasoen prozedura judizialean Azpeitiko Udala herri akusazio gisa aurkeztea. Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak azaldu zuen "gaitzespenik gogorrena" adierazi zuela erakundeak erasoen aurrean, indarkeria matxistaren aurrean "zero tolerantzia" izango dutela erakutsiz. "Lehen unetik saiatu ginen ahalik eta arreta egokiena, gertukoena eta integralena helarazten erasotuei, eta bide horretan, egia aitortzeko eta erasotuei babesa eta bakarrik ez direla egongo adierazteko, Azpeitiko Udala herri akusazio gisa aurkeztuko da prozesu judizial honetan. Sexu erasoak emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresio direla ulertzen dugu, eta horregatik, guztion erantzukizuna eta ardura da honen aurrean eskura dauzkagun baliabide denak martxan jartzea, erasotuek ahalik eta defentsarik onena eduki dezaten prozesu judizial osoan; amaieraraino, babes osoa izan dezaten".

Era berean, aho batez onartu zuten Azpeitiko Udalaren eta Azpeitia Berritzenen langileen %0,5eko ordainsari igoera osagarria, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Udalaren egoera ekonomikoa, "ona"

Bestalde, 2023. ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuen Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak, bai eta Kirol eta Euskara Patronatuarena ere. Hark azaldu zuenez, 2023. urtea aurreikuspen batzuekin hasi zuen udalak; 22.847.155 euroko aurrekontuarekin, hain zuzen. Dena den, urtean zehar "hainbat inbertsio indartu" zituzten, eta "prezioen gorakadak behartuta", hainbat gastu partida igo eta sortu zituzten. Horrenbestez, udaleko behin betiko aurrekontua 32.052.696 eurokoa izan zen 2023an.

Horrez gain, urteko kontuen itxierak egiten direnean, udalaren egoera ekonomikoaren inguruko datu eta adierazle asko biltzen direla eta, datu esanguratsuenak aipatu zituen Goenagak. Besteak beste, nabarmendu zuen aurreikusitako gastuen %79 bete zirela iaz. Aipatu zuen horniduren eta zerbitzuen kostuak "nabarmen igo" direla, eta horrek "eragin zuzena" izan duela gastuetan. Gainera, esan zuen langileria gastuen "gauzatze maila handia" izan dela: alde batetik, urteko soldatetan %3,5eko igoera izan dutela jakinarazi zuen, eta bestetik, epe baterako hainbat langile kontratatu eta bajak ordezkatu direla. Inbertsio errealari dagokionez, 2023. urtearen bukaeran aurreikusi ziren inbertsio guztien %60 gauzatuta zeudela esan zuen, eta urtearen bukaerarako aurreikusitako inbertsio guztien %78 esleituta zeudela; guztira, 7.770.031 euro bideratu dituzte horretara. Nahiz eta 2023. urtean ez diren guztiz gauzatu hainbat inbertsio, "konpromisoa hartu" du udalak obra horiek esleituta uzteko, 2024an gauza daitezen.

 

Horri lotuta, 2023an gauzatutako hainbat lan nabarmendu zituen Goenagak: "Sistiaga errekako errepidea, Sanjuandegiko skate parke zaharra zegoen eremua urbanizatzea, Arana Goiko irisgarritasun lanak, asfaltatze eta margotze lanak, haur parkeak konpondu eta berriak egitea, Madalenako urbanizazio lanak, kiroldegiko aldagelak eta hainbat instalazio konpontzea, Perretxikoa eraikina eraistea, Karmelo Etxegaraiko jolaslekua bukatzea, musika eskola bukatzear da, markesina eta kalistenia parkea ere bai...". Horrez gain, honako hauek ere aipatu zituen: eskaladako rokodromoa bukatzear dela, Soreasuko eta Azoka Plazako teilatuetako plakak aurten jarri direla, Udal Brigadarako hainbat ibilgailu 2024an jasoko direla eta Azpeitian Bai proiektuaren barruan aurreikusitako inbertsioak gauzatuko dituztela.

 

Aurreikusitako sarreren gauzatzea %80koa izan dela ere nabarmendu zuen, eta sarreren aurreikuspenak "ondo" bete direla, baita zergen eta tasen aurreikuspenak ere. Foru Funtsaren kopurua aurreikusitakoa baino %1 handiagoa izan dela esan zuen, eta hainbat diru laguntza ere jaso direla inbertsioei lotuta; Next Generation laguntza, esaterako, 539.000 eurokoa izan dela adierazi zuen.

 

Datu horiek plazaratu ostean, Goenagak nabarmendu zuen "2023ko aurrekontuaren gauzatze maila altua" izan dela. Sarreren eta gastuen arteko diferentzia, diruzaintza gerakina kontutan izan gabe, 606.256 eurokoa izan dela ere esan zuen, eta diruzaintza gerakinari dagokionez, gerakina 17.594.871 eurokoa izan dela. "Horren zati bat hainbat konpromisori lotuta dago, eta beraz, gastu orokorretarako diruzaintza gerakina 12.463.383 eurokoa da momentu honetan", adierazi zuen Goenagak.

 

Udaleko kontu hartzaileak egindako txostenean jasotzen da Azpeitiko Udalak aurrekontu egonkortasuna eta finantzaren iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua "betetzen" dituela, eta txosten horretan Azpeitiko Udalaren zor bizia %2,78koa dela jasotzen da. Goenagak gogorarazi zuenez, udalak momentu honetan mailegu bakarra dauka amortizatzeko, 2027. urtean likidatuko dena. Laburbilduz, udalaren egoera ekonomikoa eta finantzarioa "ona" dela baieztatu zuen zinegotziak. Horrek "aurrera egiteko indarra eta egonkortasuna" ematen dizkio udalari, eta Goenagak nabarmendu zuenez, udalak esku artean daukan 2030 Plan Estrategikoan jasotako proiektuak gauzatzeko berme handia ematen du. "Gaur egungo egoerak adierazten digu baliabide publikoak eraginkortasunez eta arduraz kudeatu direla azken urteetan. Aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko konpromisoa eta betebeharra dauzkagu, zuhurtzia handiz jokatuz, horrela eskatzen duelako gaur egungo ziurgabetasun handiko egoera sozioekonomikoak", esan zuen.

 

Martxoaren 8aren harira, bi mozio

 

Martxoaren 8a izango da ostirala, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, mozio bana aurkeztu zuen udal talde bakoitzak; EH Bilduk berea, eta EAJk Eudelek proposatutakoa. Altunak aipatu zuen "herriaren aurrean batera azaltzea" nahiko zuketela, "helburuetan ados" egon arren, "pena" dela mozio bakar bat ez onartzea. Alkortak ere bat egin zuen puntu horretan, baina adierazi zuen Eudelen proposamenaren aurrean, EH Bildu abstenitu egin zela elkartearen bozketan, eta horregatik, udaletxean ere gauza bera egin zutela. Ondoren, Parekidetasun zinegotziak hartu zuen hitza, eta hark esan zuen EAJren mozioan "zenbait punturen falta" sumatu zutelako jo zutela abstentziora. Horrenbestez, udal talde bakoitzak bere mozioaren alde egin zuen, eta beste mozioaren aurrean abstenitu egin ziren. Hala, bi mozioak onartu zituen udalbatzarrak.