Karnabaletako sexu erasoen prozedura judizialean udala herri akusazio gisa aurkeztea onartuko dute gaur udalbatzarrean

Nerea Uranga 2024ko mar. 5a, 09:00
Karnabaletako sexu erasoak salatzeko Azpeitiko plazan Astelehen Karnabalez egindako elkarretaratzea. (Ihintza Elustondo)

Martxoko ohiko udalbatzarra egingo dute gaur, asteartea, Azpeitiko udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan hasita. Askotariko gaiak landuko dituzte bertan, besteak beste, karnabaletako sexu erasoen prozedura judizialean herri akusazio gisa aurkeztea udala eta Amue 11. Hirigintza Eremuko Plan Berezia behin betiko onartzea.

Gaur, hileko lehen asteartea izanik, martxoari dagokion ohiko udalbatzarra egingo dute udal ordezkari politikoek, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Askotariko gaiak landuko dituzte batzarrean, tartean, Jai Karnabalean gertatutako sexu erasoen prozedura judizialean udala herri akusazio gisa aurkeztea edota Azpeitiko HAPOaren Amue 11. Hirigintza Eremurako Plan Berezia behin betiko onartzea.

Gaurko udalbatzarreko gai zerrenda honakoa da:

  • Udalbatzak 2024ko otsailaren 6an egindako akta onartzea.
  • Azpeitiko HAPOaren Amue 11. Hirigintza Eremurako Plan Bereziari behin betiko onarpena ematea.
  • 2024ko inauterietan gertatu ziren sexu erasoen prozedura judizialean herri akusazio gisa aurkeztea.
  • Azpeitiko Udalaren eta Azpeitia Berritzen SAren langileen %0,5eko ordainsari-igoera osagarria, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.
  • 2023. ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea, bai eta Kirol eta Euskara Patronatuarena ere.
  • 2024. aurrekontuan lehen kreditu aldaketaren berri ematea kreditu txertaketen modalitatean (2024-KALD-000001-00 espedientea).
  • Alkatetzak 2023ko abenduaren 15etik 31ra eta 2024ko urtarrilean emandako ebazpenen berri ematea.
  • 2024ko martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Eguna: EH Bildu taldearen eta EAJ taldearen mozioak.
  • Galderak eta erreguak.