Vicenterentzat eta Etxebesterentzat izan da aizkorako urrezko txapela

Aitziber Arzallus 2024ko ots. 25a, 15:12

Harriekin, gizonetan, Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra bikote zarauztarra izan da nagusi, 77 altxalditan 9.601 kilo jasota.

Beste behin, herri kiroletako urrezko txapelketen plaza bihurtuko da Izarraitz pilotalekua gaur eguerdian. 12:00etan hasita, 24. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala jokatu dute batetik, Gazteen mailako Banakako Txapelketaren finala bestetik, eta horiez gain, Urrezko Harri Jasotze Txapelketako gizonen eta emakumeen finalak ere jokatu dituzte. Aizkolarietan, Iker Vicentek eta Arkaitz Etxebestek osatutako bikotearentzat izan da urrezko txapela; eta gazteetan, Jon Erdozia izan da lanak bukatzen azkarrena. Harriekin, berriz, gizonetan Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra bikote zarauztarra izan da nagusi; eta Karmele Gisasola, emakumeetan.

24. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean, hiru bikotek parte hartu dute: Hodei Ezpeletak eta Jokin Urretabizkaia Basozabal-ek osatu duten bikote bat; Iker Vicentek eta Arkaitz Etxebestek bestea; eta Eneko Otaño beizamarrak eta Julen Larrea III.ak hirugarrena. Hainbat lau gauzatu behar izan ditu bikote bakoitzak: Aizkolariek binakako finalean egin beharko dituzten lanak honako hauek izango dira: erlojuaren kontra bakoitzak 45 ontzako enbor bana ebaki behar izan du; txanda librean, zutik kanaerdiko bat; abiaduran, korte erdian 65 ontzako bana; zutik 45 ontzako bana; etzanda kanaerdiko bana; eta txanda librean, 60 ontzako, 65 ontzako eta oinbiko bina enbor.

Vicentek eta Etxebestek 22 minutu eta 49 segundo behar izan dituzte lanak bukatzeko; Ezpeletak eta Basozabalek, 23 minutu eta 35 segundo; eta Otañok eta Larrea III.ak, 26 minutu eta 51 segundo.

Gazteen mailako banakako aizkolari txapelketako finalean, berriz, 20 urtez azpiko lau aizkolarik parte hartu dute dute: Aritz Oiarbidek, Jokin Larrietak, Jon Erdoziak eta Igoin Pikabeak. 45 ontzako launa enbor moztu behar izan ditu bakoitzak, eta Erdozia etxarriarra (Nafarroa) izan da azkarrena.

Harriekin, Lartain eta Urra nagusi

Gizonen Binakako Harri jasotze Txapelketako finalean, berriz, hiru bikote aritu dira buruz buru: Imanol Royo Lartain (Zarautz) eta Mikel Lopetegi Urra (Zarautz); Julen Diaz eta Xabat Olaizola (Zarautz); eta Jon Unanue Goenatxo III.a (Azkoitia) eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz).

Lau harrirekin egin behar izan dituzte finaleko lanak: 175 kiloko laukizuzena, 125 kiloko kopa, 125 kiloko kubikoa eta 113 kiloko bola altxatu behar izan dituzte bi minutuko txandetan. Lan guztiak bukatuta, 77 altxalditan 9.601 kilo jaso dituzte Lartainek eta Urrak; 72 altxalditan 9.088 kilo, Diazek eta Olaizolak; eta 70 altxalditan 8.862 kilo Goenatxok III.ak eta Izeta IV.ak.

Emakumeetan, azkenik, Ainitze Zumeta eta Lierni Osa zarauztarrak eta Karmele Gisasola Zelai III.a jardun dira nor baino nor. Bina minutuko txandetan, 63 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola altxatu behar izan dituzte. 70 altxalditan 4.410 kilo jaso ditu Zelai III.ak; 67 altxalditan 4.221 kilo, Zumetak; eta 54 altxalditan 3.402 kilo, Osak.