Jolasa, elkar ezagutzeko aitzakia

Intza Trula 2024ko ots. 23a, 17:36
Backgammon mahai jolsa.

Munduko Jolasak Azpeitian ekintza antolatu du Elkar-ekinek bihar arratsalderako. Parte hartzaileek beraien herrialdeetako jolasak eramango dituzte Azoka Plazara.

Munduko Jolasak Azpeitian ekintza egingo dute bihar Azpeitiko Azoka Plazan, Elkar-ekinek antolatuta. Izan ere, gutxi gorabehera 40 nazionalitate ezberdinetako pertsonak bizi dira egun Azpeitian, eta antolatzaileek azaldu dutenez "sarri, norberak bere komunitatean bizitzeko joera" du. Kanpotik etorri denak hizkuntza, kultura, portaera, erlijio eta beste hainbat arloren inguruan "kultur talka" senti dezake, eta paperak lortzeko, lanerako, etxebizitzarako eta elikadurarako trabak izan ditzake. Hori horrela, norbanakoak bere komunitatean geratzeko hautua egiten du sarri, bertan baitaude "beroa" eta "goxotasuna"; kanpoan, berriz, "hotza" eta "zaurgarritasuna". 

Zera gehitu dute antolatzaileek: "Integrazioaz hitz egitean, agian, badirudi kanpotik datorrenak egin behar duela esfortzua, baina bertan bizi denak ere egokitu egin behar du elkarbizitza berri horretara. Beraz, integrazioa biren kontua litzateke".

Horri buelta emateko asmotan antolatu dute Munduko Jolasak Azpeitian jarduera. Parte hartzaileek euren herrialdeetako mahai jolasak eramango dituzte Azoka Plazara, gainerakoekin partekatzeko, hala nola donimoa, xakea eta karta joakoak.

Duela bi urte inguru heldu zen Serger Cruz Dominikar Errepublikatik Azpeitira. Amarekin taberna bat dauka Sanjuandegi auzoan, eta ez du hutsik egingo larunbateko hitzorduan. Harremantzeko eta jendea ezagutzeko modu "aparta" iruditzen zaio Munduko Jolasak Azpeitian ekintza: "Ziurrenik arau eta jokatzeko modu ezberdinak izango ditugu guztiok, eta hori ezagutzea oso aberasgarria iruditzen zait". Zenbait lagun eta senitarteko animatu ditu Cruzek larunbateko topaketara, eta guztiek elkarrekin arratsalde "polita" igarotzea espero du.

Jolasa hizkuntza "unibertsala" da, eta garrantzizko elementu "gizarteratzailea" dela kontuan harturik, harremantzeko era "erakargarria" dela iritzi dute antoltzaileek. Hala, larunbatean, 15:30etik 19:00etara, guztiak animatu dituzte Azoka Plazara.