Nora Ugartetxea: "Espero nuen plaza lortzea, baina emaitza izugarria da"

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 21a, 09:49
Nora Ugartetxea, farmazilaria. (Mireia Galarza)

Gustura dago Nora Ugartetxea (Azpeitia, 1999). Izan ere, BAFE azterketan Espainiako Estatuko hemezortzigarren lekua lortu du. EHUko lehen euskal herritarra da zerrendan.

BAFE –barneko farmazialari egoiliarra izateko– azterketaren behin-behineko emaitzak argitaratu dituzte, eta Espainiako ia 2.000 hautagaitatik hemezortzigarren postua lortu duzu. Gainera, EHUko lehen euskal herritarra zara zerrendan. Nola jaso zenuen berria?

Izugarrizko poza hartu nuen emaitzak jaso nituenean; harrituta gelditu nintzen. Egia esan, espero nuen barruan egotea, baina ez nuen uste hain postu ona eskuratuko nuenik. Beti duzu esperantza postu bat lortzeko, bestela ez zarelako azterketara aurkezten, baina ez zen nire planetan sartzen hain goian gelditzea.

Ingurukoek ere gustura jasoko zuten zure emaitza, ezta?

Bai, noski. Ni izan naiz gehien sufritu duena, asko ikastea tokatu zaidalako, baina prozesu luzea da azterketa prestatzea, eta ingurukoek ere sufritzen dute hori.

Ospatuko zenuen dagoeneko lorpena, ala?

Bai, bai [barrez]. Elegante Eguna baino pare bat egun lehenago edo atera zituzten emaitzak, eta ondo gozatu nuen igande horretan ingurukoekin. Dena den, hauek behin-behineko emaitzak dira, eta behin betikoak ateratzen dituztenean ospatuko dugu bazkari eder batekin.

Ikasketak hasi zenituenetik garbi al zeneukan BAFE azterketara aurkeztuko zinela?

Ez. Farmaziako Gradua bera ere itsu-itsuan aukeratu nuen, nolabait esatearren. Ez nekien zer ikasi, eta bertako ikasgaiak gustatzen zitzaizkidalako sartu nintzen. Garai hartan oso gutxi nekien farmazia munduak lan egiteko eskaintzen zituen aukeren inguruan, eta unibertsitate garaian ere lan irteerei buruz ez ziguten asko hitz egiten. Ohikoena da farmazia bulego batean lan egitea, baina askoz aukera gehiago daude mundu honetan, besteak beste, industria arloan, ospitaleetan edota laborategietan. BAFE azterketari buruz zerbait entzunda neukan, baina hasiera batean ez zen nire lehen aukera. Izan ere, oso zaila da proba, eta gutxi batzuek ateratzen dute plaza. Azken pare bat urteetan, baina, gaiari buruzko hitzaldiak jaso genituen, eta interesa piztu zitzaidan. Hortik tiraka erabaki nuen azkenean azterketara aurkeztea.

Azterketara aurkezten zaren bigarren urtea duzu. Desberdina izan al da aurtengo prozesua?

Bai. Lehen saiakeran Valentziara [Herrialde Katalanak] joan nintzen azterketa prestatzera; hango akademia batean aritu nintzen, baina aurten etxetik egin dut dena. Lan eskaintza bat atera zitzaidan hemen, eta horrekin uztartzea erabaki nuen. Azken finean, azterketara asko ikasita joaten gara denok, baina edozein faktorek eragin dezake egun horretan. Beraz, erabaki nuen lan hori onartzea, eta azterketa gaizki ateraz gero, behintzat hori esku artean izatea. Lasaiago hartu dut aurten, eta antza denez, hobeto atera zait horrela.

Nola antolatu zara aurtengoan azterketa prestatzeko?

Beste batzuk lehenago hasten dira, baina ni irailean hasi nintzen prestatzen; egunean gutxienez zortzi orduz ikasten nuen, igandeak atsedenerako hartuta. Azken txanpan, ordea, egun osoa ikasten pasatzen nuen, etenik gabe. Hilabete asko eman behar dira ikasten, eta jakin egin behar duzu antolatzen, baita atseden hartzen ere. Irakasleek garbi utzi ziguten hasieratik azterketa honen prestaketa maratoi bat bezalakoa dela, pixkana-pixkana egin behar dena. Gakoa zure lanean konfiantza izatea da, eguneroko lan hori ondo egiten saiatzea.

BAME [barruko mediku egoiliarra izateko] azterketa oso ezaguna da, baina ez da gauza bera gertatzen farmazia arloko probarekin. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Telebistagatik gertatzen dela esango nuke. Nik ere, mundu honetan sartu gabe nengoenean, medikuntzako azterketa bakarrik ezagutzen nuen, azterketaren egunean medikuak bakarrik azaltzen direlako telebistan. Hala ere, egun eta leku berean aurkezten gara probara farmazialariak, erizainak, biologoak, kimikariak, psikologoak… Eta, pentsa, alboan egonda ere ez gaituzte aipatzen. Harrigarria da, baina horixe gertatzen da.

Medikuntzako azterketaren atzean dauden espezialitateak ezagutzen dituzte askok, baina ez farmaziakoaren atzean daudenak. Hori azaltzerik bai?

Farmazian sei espezialitate daude: analisi klinikoak, biokimika klinikoa, mikrobiologia, immunologia, ospitaleko farmazia eta radiofarmazia.

Espezialitate bakoitzarekin, non egin daiteke lana?

Batzuk laborategietan lan egiteko bideratuta daude; adibidez, analisi klinikoak edota mikrobiologia. Horietan, esaterako, pazienteen laginekin egiten dute lan, besteak beste, diagnostikorako beharrezkoak diren emaitzak lortu ahal izateko eta ondoren tratamendu egokiak bideratzeko. Ospitaleko farmaziak, berriz, bertako pazienteen tratamenduak balioztatzea eta ospitaleko botika guztien erabilera ona bermatzea ditu oinarritzat, beste gauza askoren artean. Bakoitzak arlo oso zabala hartzen du, zaila da laburtzea.

Zure kasuan, garbi al duzu ikasiko duzun espezialitatea?

Egia esan, ez. Lehen beti esaten nuen ospitaleko farmazia egingo nuela, baina orain analisi klinikoen arloak ere asko erakartzen nau. Bi horien artean zalantzan nago. Martxoan aterako dira behin betiko emaitzak, eta aldaketa askorik ez denez izaten normalean, apirilean aukeratuko dut plaza. Dena ondo bidean, maiatzean hasiko naiz lanean.

Eta etorkizuneko lekua aukeratu bitartean, garbi al daukazu zer egingo duzun?

Lanean jarraituko dut maiatzera bitartean. Iluntzeko guardiak egiten ari naiz herriko farmazietan, eta horretan jarraituko dut. Horrez gain, orain arte disfrutatzeko aukerarik izan ez dudan denboraz gozatzea dut helburu hurrengo hilabeteetan.