Eduki babestua

Konfiantzaz betetako heziketa

Erredakzioa 2024ko ots. 9a, 13:31
Iraitz Aranguren eta Iker Zabala, Ikastolaren atarian.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hezkuntza proiektu integrala eskaintzen du, 0 eta 18 urte artekoa –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa–. Ikaslea ardatz izanik, etengabeko jarraipena egiten zaie.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hezkuntza proiektu integrala eta osatua du; 0 eta 18 urte arteko ikasleen heziketaz arduratzen da –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa–. Prozesu horretan, abiapuntua eta helmuga pertsona eta ikasle bakoitza da; ikasle bakoitzaren etengabeko jarraipena egiten du Ikasberrik.

Ondo dakite hori Iraitz Arangurenek eta Iker Zabalak. Batxilergoko bigarren mailako bi ikasleek Ikasberrin hasi zuten hezkuntzaren bidea, umeak zirela, eta aurten amaituko dituzte hango ikasketak, goi mailako ikasketak hasteko. Biek ala biek garbi dute urteetan izandako esperientziaren falta sumatuko dutela.

"Ikasberrin etxeko sentitzen gara, eta konfiantza handia daukagu Ikastolako kide guztiekin. Sentipen horren oinarria hezkuntza prozesu osoan eraikin berean egotea dela esango nuke, horrek erosotasun handia ematen duelako eta ikasketa prozesurako beharrezkoa den oreka eskaintzen digulako", azaldu du Zabalak.

Izan ere, ziklo guztiak eraikin berean egiteak ematen duena oso presente dute bi ikasleek: "Irakasle guztiak ezagutzen ditugu, Haur Hezkuntzako lehen mailakoetatik hasi eta Batxilergoko azken mailarainokoak. Oso gertukoak dira, eta urte asko daramatzate Ikastolan. Jarraipen handia egiten digute gure ikasketa prozesu guztian zehar. Irakasle guztiek ezagutzen gaituzte, eta gugatik asko arduratzen direla sentitzen dugu", gaineratu du Arangurenek.

Naturarekin bat

Gertutasun hori, gainera, naturarekin uztartuta, ikasketak gauzatzeko ingurune ezin hobea sortzen du Ikasberrik ikasleentzat. Eraikinaren kokapen estrategikoak pisu handia du umeen eta gazteen heziketan eta ongizatean: "Ikasberriz hitz egiterakoan ezin dugu aipatu gabe utzi eraikinak duen kokapena; ingurune pare- gabean gaude, eta eraikineko edozein lekutatik nabari da leku ederrean gaudela. Egunerokotasunean asko eskertzen da hori, eta batik bat, atsedenaldietan; izan ere, naturarekin kontaktua eta harremana izatea oso atsegina da", adierazi du Zabalak.

"Eta azken gauza bat, baina niretzat oso garrantzitsua dena, gehitu nahiko nuke: Ikastola txikia da, gela bakarra izan dugu 16 urte hauetan, eta horrek gure arteko harremana berezia izatera eraman gaitu, izugarrizko lagunartea dugu", amaitu du Arangurenek.

Inguru ezin hobe horrekin, heziketa integrala jasotzen dute Ikasberriko ikasleek; etorkizunean izango diren pertsonen zimenduekin, inoiz ahaztuko ez dituzten oroitzapenekin eta bizitzan zehar izango dituzten lagunekin amaitzen dute Ikastolako bidea.

Izan ere, Ikasberrik garbi ditu etorkizuneko pertsonek izan behar dituzten ezaugarriak: euskal- dunak, emozionalak, parte hartzaileak, ekintzaileak, komunikatzaileak, kritikoak, autonomoak, enpatikoak, osasuntsuak eta sortzaileak izan behar dute. Eta hori guztia lortzeko egiten dute lan Ikastolan.

Ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako metodologia

Kimua landare edo lore bati ateratzen zaion abartxo berria da, eta zurtoinak, ernamuinak edo hostoak izan ditzake. Hazia ernamuintzean, gorantz hazten da, eta hostoak garatuko ditu. Gauza bera gertatzen da haurrekin; zaindu egin behar dira, kimuak eman ditzaten.

Adin bakoitzeko haurrek beren beharrak dituzte, eta Ikastola horietara moldatu da. Haur bakoitzari baliabideak eskaintzen dizkiete, espazio egokia ematen diete motrizitatea, komunikazioa, autonomia eta sormena ase ditzaten; material egokia dute; eta denbora eskaintzen diete erritmoak errespetatuz. Aniztasunari erantzuna ematea dute helburutzat.