Inauteriak 2024

Izarraitz pilotalekuan ospatuko dute euskal inauterien jaialdia

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 9a, 10:42
Iazko euskal inauterien jaialdiko irudi bat. (Aitziber Arzallus)

Euria iragarrita dago arratsalderako, eta horregatik erabaki dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek festa aterpean egitea. 18:30ean hasiko da frontoiko ikuskizuna. 18:00etan ateri bada, ordu erdi inguruko kalejira egingo dute aurretik; euria ari badu, ez.

Karnabalen zati bat behinik behin bustitik joango da aurten, eguraldiaren iragarpenak hutsik egiten ez badu; eta euriak eragingo du, hain zuzen ere, festetako lehen aldaketa.

Ostegun Gizen iluntzeko festa eta gero, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren euskal inauterien jaialdia izango da karnabaletako hurrengo hitzordua, gaur arratsaldean. Kalez kale ibiltzen dira Ikasberrikoak urtero, 18:00etan San Martin egoitza aurretik irten eta 20:00 aldera plazan bukatzeko, baina aurten aterpean egingo dute festa, desfilearen ordurako euria iragarrita baitago. Horrela, lehen ere inoiz egin izan duten bezala, aurtengo euskal inauterien jaialdia Izarraitz pilotalekuan egingo dute Ikasberrikoek, 18:30ean hasita.

18:00etan ateri bada, ordu erdi inguruko kalejira egingo dute frontoiko emanaldiaren aurretik; baina ordu horretan euria ari badu, 18:30erako zuzenean Izarraitzera joango dira ikuskizunean parte hartuko duten ikasle, irakasle eta gurasoak.