Anbulantziak borrokan, hitzarmen berria xede

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 7a, 11:30

Iazko urrian hasi ziren anbulantzietako langileak lan baldintzak hobetzeko protestan. Sektorea "pribatizatuta" dagoela diote, eta lan hitzarmena berritzeko galdegiten dute. Borrokan jarraitzeko asmoa dute. 

Ohikoa bihurtu da Anbulantzia pribatizatua edo Anbulantziak greban dioten kartelak ikustea bazterretan. Osasun etxeetatik igarotzen den edonork ikusiko zituen horrelakoak, joan zen urteaz geroztik protestan ari baitira anbulantzietako langileak. Baina zer dago aferaren atzean? Hain zuzen, osasun garraio zerbitzuan azpikontratatutako langileek "erosahalmenari eustea eta lan hitzarmena berritzea" eskatzen dute. Baldintza horiek lortzeko, ia bi urte daramatzate langileen komiteek patronalarekin negoziatzen, baina ez dute ezer lortu. Hori dela eta, haien kabuz, eta sindikatuen laguntzaz, protesta egiteari ekin zioten 2023an.

Borrokan ari diren horien artean daude, besteak beste, Urola Erdiko egoitzako langileak. Horiek Azpeitian dute egoitza, eta Urola Erdian eskaintzen dute zerbitzua. Iazko urrian hasi ziren lan baldintzak duintzearen aldeko borrokan. Langile horien ordezkariek azaldu dituzte gatazka ulertzeko gakoak. "Lan hitzarmena da auziaren oinarrian dagoena. Finean, Osakidetzari eskatzen diogu lan hitzarmena berritzeko pausoak eman ditzan eta azpikontraten negozioarekin amai dezan", azaldu dute.

Osakidetzaren zerbitzuen barruan, hainbat anbulantzia mota daude, eta guztiek lan hitzarmen bera dute. Honela azaldu dute langileek: "Alde batetik, larrialdietako anbulantziak daude, hori kolorekoak direnak, guk erabiltzen ditugunak. Bestetik, lekualdatze anbulantziak daude, zuri kolorekoak. Eta, horiez gain, anbulantzia medikalizatuak daude. Denok lan hitzarmen bera daukagu», azaldu dute Urola Erdiko ordezkariek. Hitzarmen hori 2022tik bere horretan dagoela salatu dute. «Bi urte daramatzagu lan hitzarmenik gabe, 2022ko urtarriletik, hain zuzen. Azken bi urteetako KPIa kontuan hartuta, %17ko eros ahalmena galdu dugula kalkulatzen dugu. Hori ikaragarria da. Barre egiten digute aurpegira; izan ere, Eusko Jaurlaritzak zerbitzua kudeatzen duen enpresari finantzaketa %30 inguru igo dio, eta langileon baldintzek okerrera egin dute", diote.

Zerbitzu publikoa helburu

Anbulantzietako langileek zerbitzuaren "pribatizazioa" jarri dute gatazkaren muinean: "Arazoa da anbulantziak pribatizatuta daudela. Eusko Jaurlaritzak lehiaketara ateratzen du anbulantzien kudeaketa, eta lehiaketara aurkezten diren enpresek, eskaintza onena egiteko helburuz, miseriazko proposamenak aurkezten dituzte. Horrek eragin zuzena dauka gugan". Gipuzkoan, Ambulancias Gipuzkoa enpresa da anbulantzien kudeaketaz arduratzen dena.

Epe laburrera begira, Osakidetzak zuzenean kontratatutako langileek dituzten lan baldintza berak lortu nahi dituzte: "Osasun garraio zerbitzuan azpikontratatutako langileok Osakidetzako gainerako langileen baldintza berak edukitzea da eskatzen duguna; hau da, lan baldintzak eta soldatak berdinak izatea guztiontzako". Epe luzera begira, berriz, "zerbitzua bere osotasunean publiko bihurtzea" dute xede. "Anbulantziena oinarrizko zerbitzua da, eta horrela aitortzen du Eusko Jaurlaritzak, baina ez du egoera aldatzeko aurrerapausorik ematen. Gezurra dirudi".

Azken hilabeteetako protestek fruiturik eman ez duten arren, borrokan jarraituko dutela aurreratu dute, eta greba mugagabea hastea baloratzen ari diren aukeretako bat dela azaldu dute. Dena den, larrialdietako langileek nabarmendu dute greba eskubidea "urratu" egiten dietela, larrialdi zerbitzuetako anbulantziek %100eko gutxieneko zerbitzuak eskaini behar dituztelako. Lekualdatze anbulantzien kasuan, grebak eragin handiagoa duela diote, erabiltzaile arruntek jasatenbaitituzte kalteak zuzenean. "Erabiltzaileek jasaten dituzte grebaren ondorioak, eta hori ere ez da helburua. Horregatik eskatzen diogu Jaurlaritzari egoerari aterabidea emateko pausoak eman ditzan". Langileek borrokarako duten eskubidea ere aldarrikatu dute: "Beti langileok gara errudunak, eta enpresak sekula ez".