Zu zeu

Maider Egiguren: "Mundu ero honetan on egiten digute liburuek"

Intza Trula 2024ko ots. 17a, 09:54

Maider Egiguren. (Intza Trula)

Literaturarekiko duen grinak bultzatu zuen Maider Egiguren (Azpeitia, 1977) haurrentzat ipuin kontaketak eta irakurle taldeak antolatzera Udal Liburutegian. Hamasei urte daramatza lanpostuan; liburutegiko harreran egoten da, liburuak erraz aurkitzeko apalak txukun-txukun jartzeaz arduratzen da, eta irakurle taldeak dinamizatzen ditu, besteak beste.

Hamasei urte daramatzazu liburutegian lanean. Nolakoa da zure egunerokoa?

Liburutegian denetarik egiten dut. Uste dut kanpotik ez dela ikusten, baina hemen lan asko dago egiteko. Une oro nahastuta edo lekuz kanpo dauden liburuak pilatzen zaizkigu, maileguak ere kontrolpean izan behar ditugu, eta jende mordoa etortzen da une oro beste hainbat kontu galdetzera.

Haurrekin literatura lantzeko saioak antolatzen dituzue. Zer da zehazki egiten duzuena?

Alde batetik, urtean zehar ipuin kontaketak antolatzen ditugu. Horretarako, ipuin kontalari profesionalak ekartzen ditugu hona, eta HHko 4. mailatik LHko 2. mailara bitarteko haurrentzako saioak egiten dituzte. Bestetik, eskulan tailerrak ere antolatzen ditugu hilean behin. Saio horiek antolatzen hasi ginen haurrek eskulanak egiten ikaragarri gozatzen zutela ikusi genuelako; beraiek liburutegira gerturatzeko modu bat bezala ere ikusi genuen. HHko 5. mailatik LHko 2. mailara bitarteko haurrek eman dezakete izena horietan. Hemen eskulanen inguruan ditugun liburuak ezagutzera emateko bide bat ere badira tailer horiek. Horrez gainera, irakurleen txokoa dinamizatzen dut, LHko haurrei zuzendutakoa. Hilean behin elkartzen gara liburutegian: batzuetan, guztiok elkarrekin irakurtzen dugu aukeratutako liburua liburutegian; eta beste batzuetan, etxetik irakurrita ekartzen dugu. Behin hori eginda, dinamika ezberdinak lantzen ditugu: gaiaz hitz egiten dugu, eskutitzak idazten ditugu, antzerki bat prestatzen dugu...

Nola aukeratzen dituzue saioetan landuko dituzuen liburuak?

Euskarazko liburuak aukeratzen ditugu beti. Niri, bereziki, literarioki kalitatezkoak diren istorioak aukeratzea gustatzen zait. Oso ezagunak diren liburuak saltzen dizkigute, eta beste milaka daude. Horregatik saiatzen gara oso interesgarriak izan daitezkeen eta hain ezagunak ez diren liburuak lantzen. Badaude hor ezkutuan liburu batzuk altxor hutsak direnak. Haur eta gazte literaturan idazle oso onak daude, eta gutxienez horiek hemen zabaltzea da nire helburua. Ipuin kontaketetan, normalean, kontalariek aukeratzen dituzte liburuak; halere, noiz edo noiz gai zehatz baten inguruko zerbait ekartzeko eskatu izan diegu. Adibidez, gaur egun boladan daude dolua, heriotza eta beste gai batzuk lantzen dituzten liburuak. Oso ondo daude horiek, baina balio literario hutsa dutenek ematen digute pentsatzeko eta irudimena eta sormena lantzeko aukera; mundua beste era batera ikusteko eta disfrutatzeko aukera, alegia.

Haurrek gero eta lehenago erabiltzen dituzte sakelako telefonoak. Eragiten al du horrek beraien irakurzaletasunean?

Ipuin kontalariek aipatu izan digute haurren arretan zerbait antzeman dutela. Zintzo-zintzo eta oso gustura egoten dira beti, baina egia da saioan kontzentratuta egoteko ahalmena zertxobait galdu dutela pantailen harira.

Nolako garrantzia du haurrak txikitatik literatura munduan murgiltzeak?

Oso garrantzitsua da haurrek txikitatik irakurtzeko ohitura hartzea. Nahiz eta nerabezaroan alde batera utzi liburuak, txikitan esperientzia ona izan badute, itzuliko dira berriz ere liburu bat esku artean izatera. Okupatuta bizi gara gaur egun, geratu gabe, alde batetik bestera. Uste dut mundu ero honetan on egiten digutela liburuek, eta guztiak gonbidatu nahi ditut egunero horretarako tartetxo bat hartzera. Gurasoak ere animatzen ditut seme-alabekin esertzera, kalitatezko denbora pasatzeko.