Francisco Valencia: "Diktadore bihurtzeko aldaketak egin ditu Bukelek"

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 23a, 12:04

Francisco Valencia, 'El Co Latino' egunkariaren zuzendaria. (Utzitakoa)

El Salvador Elkartasunak antolatuta, hitzaldia eskainiko du bihar Baigera I-eko aretoan Valenciak (19:00). Otsailaren 4an presidentea hautatzeko hauteskundeak dituzte El Salvadorren.

Bere herrialdeko errealitate "zaila" hizpide izango du bihar Azpeitian Francisco Valenciak (Santa Tecla, El Salvador, 1960). El Co Latino egunkariaren zuzendaria ezkor ageri da etorkizun hurbilaz. Nayib Bukele presidenteak herrialdeko "kapitalaren babesa" duela dio Valenciak, eta boterean gotortzeko helburua ere bai.

Lehen ere Euskal Herrian izana zara. Zerk ekarri zaitu oraingoan?

El Salvadorren gertatzen ari diren hainbat egoeraren berri ematera etorri naiz. Gertaera zailak dira, tentuz hartu beharreko egoerak. Gainera, Latinoamerikako zenbait herrialdetan jarraitu beharreko eredu gisa hartu dituzte Bukele presidentea eta haren neurriak, Argentinan Mileik eta Ekuadorren Noboak.

FMLN-ko militante eta ordezkari izatetik alderdi propioa sortzera eta 2019an hauteskundeak erraz irabaztera igaro zen Nayib Bukele, eta autoritarismoaren ildoko politikak aplikatu ditu. Nola definituko zenuke zuk?

Momentu honetan, larderiaz jokatzen duen pertsonaia da Bukele, diktadore bihurtzeko aldaketak egin ditu erakundeetan eta legedian. Erakunde guztien gaineko kontrola lortzea izan zen bere lehen egitekoa. Legebiltzarra kontrolatzen du, noski, hauteskundeetan botoen gehiengoa lortu zuelako; baina gehiengo hori baliatu zuen, 2021eko maiatzean, Justiziako Gorte Goreneko konstituzio arloko atal legitimoa aldatzeko. Atal legitimoa diot, haren kideak konstituzioak eta bigarren mailako legeek ezartzen duten prozedura jarraituta hautatuak zirelako. Bukele presidenteak, ordea, atal legitimoa desegin, eta berak izendatutako kideekin osatu zuen konstituzio atal berria, lege prozedurei muzin eginda. Fiskal nagusia ere aldatu du, eta argi eta garbi esan du Bukelek berak "bere" fiskala dela. Eta bere esanetara ditu, nola ez, armada eta polizia. Guk esaten dugu sakelakoarekin gobernatzen duela, X-eko [lehengo Twitter] mezuen bidez ematen baititu aginduak. Finean, presidenteak du erakunde guztien gaineko kontrola, eta botere guztia pilatzeko egin du lan hasieratik. Ez dago botereen arteko banaketarik. El Salvadorrekoa sistema demokratikoa eta errepublikarra da berez, baina gaur egun teorian besterik ez da horrela.

Baina herritar askoren babesa du Bukelek. Zergatik?

Hori hala da eta esan beharra dago. Onarpen handia du herritarren artean, nahiz eta egiturazko gaietan –pobrezia, lan baldintzen eta soldata duinen gabezia– dauden zuloak konpontzeko ezer ez duen egin.

Maren kontrako borrokak, segurtasunak, ba al du zerikusirik Bukeleren arrakastarekin?

Hain zuzen ere, borroka horregatik, gaizkileak kartzeletan barregarri erakusteagatik, babesten du jendeak presidentea. 1990eko hamarkadaren erdialdera, bake akordioa sinatu eta bi urtera, sortu ziren gaizkile taldeak El Salvadorren. AEBek 300 bat lagun deportatu zituen, eta tartean zeuden Salvatrucha eta Barrio 18 maretako kideak: izan ere, mara-k AEBetako Los Angelesen sortu ziren. Deportatutako marero-ak lurraldeengatik borrokan eta gazteak errekrutatzen hasi ziren, armadak osatu arte; inteligentzia militarraren arabera, 2015. urtean 60.000 inguru marero edo bandakide zeuden herrialdean. Gaizkile taldeen arteko borrokek hilketak asko ugaltzea ekarri zuten; urte bakarrean 8.000 hilketa zenbatzera iritsi zen El Salvador. Sanchez Ceren buru izan zuen FMLN-ren azken gobernuaren garaian jaisten hasi zen hilketa kopurua. 2019an, Bukele gobernura iritsi zenean, egunean bederatzi hilketa zen batez bestekoa, eta Bukelerekin egunean laura jaitsi zen. Hala ere, arazoa handia zen.

2022ko martxoan, gora egin zuten berriro hilketek; 72 ordutan, maretako batek 87 lagun hil zituen. Gerora jakin zen gobernua ezkutuko negoziazioetan ari zela gaizkile taldeekin kartzeletan, eta hilketa horiek Salvatrucha mara-k Bukeleri emandako erantzuna izan zirela, presidenteari itundutakoa ez betetzea leporatuta. 87 hilketa horien ostean, presidenteak salbuespen egoera agindu zuen. Konstituzioaren arabera, salbuespen egoerek hilabete iraun dezakete, eta luzatzekotan, gehienez hiru hilabetera arte luza daitezke. Baina El Salvadorren dagoeneko bi urte daramatzagu salbuespen egoeran.

2022an ezarritako salbuespen egoeraren pean?

Hala da. Legebiltzarra hilabetero ari da salbuespen egoera luzatzen, eta abenduan onartu zuen orain arteko azken luzapena.

Zertan eragiten du salbuespen egoerak?

Salbuespen egoerak berme konstituzional guztiak deuseztatzen ditu: adierazpen askatasuna, antolatzeko eta mobilizatzeko askatasuna, bat ez etortzeko eskubidea, postaren eta etxebizitzaren bortxaezintasuna... Lege horrekin, era berean, 75.000 lagun atxilotu dituzte; gobernuaren arabera, guztiak dira bandakideak. Salbuespen egoera ezarri ondorengo lehen sei hilabeteetan gauzatu zituzten atxiloketa gehienak, eta egia da, ondorioz, lasaitasun pixka bat iritsi zela hainbat komunitatetara. Lasaitasun horrek iraun egin du, egia delako atxilotu gehienak bandakideak zirela. Horregatik dago jende asko presidentearekin hain eskertuta, eta seguruenez berak irabaziko ditu otsailaren 4ko hauteskundeak. El Salvadorren, legez, presidente bat ezin zen agintea berritzeko aurkeztu, baina Bukele aurkeztu egingo da. Nolatan? Konstituzioaren gutxienez sei artikuluk debekatzen dute berrautatzea. Baina zerbaitetarako kontrolatzen ditu presidenteak botere guztiak, nahi duena egiteko. Berak izendatutako konstituzioaren arloko salak hartutako erabaki bati esker, berrautaketara aurkeztu ahal izango da Bukele, konstituzioko debekuek hor dirauten arren.

Bukele bera da hauteskundeak berriro irabazteko hautagai nagusia. Zer ekar dezake presidente beraren beste agintaldi batek?

Ba autoritarismo gehiagori aurre egin beharko dio El Salvadorrek. Dagoeneko iragarri dute salbuespen egoera mantenduko dutela, "azken bandakidea atxilotu arte". Hori noiz eta nola jakingo duten... Esan nahi du luzerako jarraituko dugula salbuespen egoeran, eta egoera hori baliatuko duela gobernuak gaizkileak ez ezik, kontra egiten diotenak ere mendean hartzeko. Izan ere, 75.000 atxilotuetatik gutxienez 20.000 errugabeak direla diote giza eskubideen defentsarako taldeek, eta gobernuak berak onartu du gutxienez 7.000 atxilotu aske utzi dituztela; Bukeleren arabera, "albo kalteak". Eta argi utzi nahi dut El Salvadorren badirela lehendik bandei aurre egiteko lau lege; gaizkile taldeen aurka egiteko, nahikoa zen lege horiek aplikatzea. Salbuespen egoerarekin, herritar guztioi kentzen dizkigute eskubideak; besteak beste, hamar kazetari daude erbesteratuta.