Estitxu Elduaien: "Herrigintza ere, komunitatearen alde inplikatzea, politika da"

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 28a, 11:09
Estitxu Elduaien, Gipuzkoako Batzar Nagusietako pleno aretoan. (Utzitakoa)

2019an utzi zion zinegotzi izateari, nahiz eta oraindik badiren udal ordezkari izaten jarraitzen duela uste dutenak. Beste batzuek foru aldundian dagoela uste dute, baina ezta ere. Bigarren agintaldia hasi du Gipuzkoako Batzar Nagusietan Estitxu Elduaienek, EH Bilduren taldeko bozeramaile ondoko lanetan. 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Halako batean pausoa ematea erabaki, eta zortzi urte pasa eta gero erakunde mailako politikagintzan jarraitzen du Estitxu Elduaienek (Azpeitia, 1977). Azpeitiko Udalean zinegotzi izan zen 2015-2019 agintaldian. Gipuzkoako Batzar Nagusietara iritsi zen hurrengo agintaldian, eta erakunde berean bigarren aldia hasi zuen joan den udaberrian. Hala ere, "nahiko argi" dauka politikagintza profesionalarena "etapa bat" dela bere bizitzan. Dagokion lana egiteko "gogoa, indarra eta ilusioa behar" direla dio, horiek ez zaizkio oraindik agortu, baina "bizimodu normalera bueltatzea nahi" du, "zurrunbilo hau ez delako munduko gauza atseginena". Ez daki "non edo nola", baina kazetari lanera gustura itzuliko litzateke.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan bigarren agintaldia hasi duzu aurten. EH Bilduren taldeko bozeramaile ondokoa zara. Zer eginkizun ditu bozeramaile ondokoak?

Maddalen Iriarte da gure taldearen bozeramailea batzar nagusietan, baina hark baditu beste eginkizun batzuk ere. Beraz, hura ez dagoenean, edo berak beste gai eta kontu batzuk dituenean esku artean, haren gaiak hartzen ditut nik, haren lanak egiten ditut. Maddalen Gipuzkoan hauteskundeetan lehen indar izan den taldearen ahaldungaia izan zen eta batzar nagusietatik kanpo beste lan politiko bat egitea ere badagokio. Batzar nagusietan dagokigun lana egiten dugu, baina argi daukagu erakundeetatik kanpo ere egin behar dela lana. Horretarako dinamika bat dugu martxan, hainbat eragilerekin elkartzeko eta horien eskaerak biltzeko. Bilera horietara ere joaten naiz Maddalenekin batera edota haren tokian.

Batzar nagusiak ez dira jendeak ondoen ezagutzen duen erakundea. "Diputazioan zaude, ezta?" galdetuko zizuten, agian, baina ez dira gauza bera.

Udalen funtzionamendua ezagutzen dugu gehienok, eta nik ere hori ezagutzen nuen. Udal batean, gobernua eta gainerako alderdiak eraikin berean daude; atez ate egoten dira batzuk eta besteak, eta gauza asko lantzen dira batera. Batzar nagusiak parlamentua direla esango genuke, eta aldundia, gobernua. Gure kasuan, foru aldundia Donostiako Gipuzkoa plazan dago, eta gu Miramonen. Aldundiak eskumen jakin batzuk ditu. Esaterako, zaintza eta egoitzak, baso politika... gai horiek foru arauen mende daude. Arau edo lege berriak proposatzea da batzar nagusien egitekoa, eta aldundiaren eskumenetik haragoko legez besteko edo ebazpen proposamenak aurkeztea ere bai. Batzar nagusietan aurrera egiten duten proposamen guztiak betetzeko agindua du foru aldundiak. Ez dira legeak, baina bai politika zehatz batzuk bultzatzeko modu bat.

Nolakoa da zure gisako batzarkide baten ohiko lanegun bat?

Batzarkide batzuk egun edo kasu zehatzetan bakarrik joaten dira batzar nagusietara, osoko bilkuretara edo dagozkien batzordeen bileretara. Baina beste batzuek dedikazio osoarekin egiten dute lan batzar nagusietan; azken horietako bat naiz ni. Batzar nagusietan lan egiten dugun batzarkideok lanak banatuta ditugu, bakoitzari departamentu batzuk dagozkio, eta nireak Zaintza, Kirola eta Gobernantza dira. Lehen aipatu dudan bezala, eragileekin bilerak egiten ditugu, eta horien arabera aztertzen dugu zer ekimen aurkez ditzakegun. Esku artean ditugun lanen eta gaien arabera, bulegora egun gehiagotan edo gutxiagotan joatea tokatuko zait. Aurrekontuak lantzea eta hileroko osoko bilkura elkartzen direnean, adibidez, egunero. Udazkena izaten da urteko sasoirik gogorrena. Aurten, agintaldiko lehen urtea delako, ez dugu politika orokorreko osoko bilkurarik izan, baina hori ere udazkenean izaten da. Horrela, irailetik Gabonetara politika orokorreko batzarra, aurrekontuak gehi bestelako batzordeak eta batzarrak pilatzen dira.

Deba-Urola barrutian EH Bilduren zerrendaburua izan zinen joan den maiatzeko hauteskundeetan. EH Bildu izan zen bozkatuena Gipuzkoan, batzarkide gehien lortu zituena, baina oposizioan jarraitzen du. Aldundia berreskuratuko zenutela pentsatu al zenuen uneren batean?

Politikan eta demokraziaren jokoan sartzen dira gehiengoak osatzeko akordioak, zenbakiek ematen badute, eta aritmetika politikoa onartzen dugu. Baina ez genuen pentsatzen [EAJ eta PSE-EE] zeinekin eta PP-rekin egiteko gai izango zirenik. EH Bilduk azken momentura arte egin zituen proposamenak, lauko gobernua osatzearena barne. Argi daukagu: Gipuzkoan, Nafarroan edota Espainian, gure esku badago, erakundeetatik kanpo nahi ditugu Espainiako eskuina eta eskuin muturra. Eider Mendozak hauteskunde gauean esan zuenean "ni aurkeztu egingo naiz", nahiko garbi zegoen etor zitekeena. Neuk, pertsonalki, pentsatzen nuen asmo horretan atzera egingo zutela, ez zirela ausartuko, emaitzak onartuko zituztela eta beste era batera jokatuko zutela. Beraz, desengainua izan zen ikuspegi abertzaletik; eta beste aldetik, beren postuei eusteko edozer gauza egiteko gai direla ikusi genuen.

Oposizioan jarraitzen duzue, baina aldundian gutxiengoan ari den EAJren eta PSE-EEren gobernuarekin. Aurreko agintaldiarekiko asko aldatu al dira gauzak?

Aurreko agintaldian 31 eskutik zuten EAJk eta PSE-EEk. Gehiengo osoa zutenez, oposizioko edozein taldek egiten zuen proposamen bakoitza atzera botatzen zuten. Negoziatzeko aukerarik ere ez zuten ematen, ez zutelako beharrik. Orain, ordea, behar gaituzte eta behar dituzte besteak ere. Oposizioak ere aukerak izateak eraginkorrago bihurtzen ditu batzar nagusiak. Dena den, jarrerak ez dira aldatu. Une jakinetan bakarrik deitzen gaituzte, baina inoiz ez sukaldeko lanerako; gauzak eginda aurkezten dizkizute, eta hartu, nahi baduzu. Haiek gehiengoa ez dutela kontzientze izanda, guk badugu modu batean edo bestean eragiteko ahalmena, baina egiteko moduetan ez dugu alderik sumatzen.

Estitxu Elduaien. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitiko Udaletik egin zenuen batzar nagusietarako urratsa. Udalekoa izan zen zure lehen esperientzia politikan. Nolakoa izan zen herriko politikagintzan aritzea?

Udalean dena da kudeaketa, herriak eta herritarrek dituzten beharrei erantzutea izan zen guztia. Udala kanpotik eta herritar gisa bakarrik ezagutzen duzunean, ez dakizu nolakoa den barruko funtzionamendua. Errespetu handiarekin sartzen zara, eta ikastea izaten da lehenbiziko eginkizuna. Baina jendearekin egon eta hitz egin ahala, konturatzen zara politika egitea dela arazo zehatzei erantzun zehatzak ematea, gure kasuan ezkerreko politiken ikuspegitik. Hasieran errezeloekin sartzen zara, baina gero ikusten duzu ez dela hain konplikatua. Era berean, udalean zaudenean herritarrekin askoz harreman sendoagoa izaten duzu eta hori oso aberasgarria da; jendea politikara gerturatzen duzu, ikusten dute beraiek bezalakoa zarela, eta askotan, esperientzia gehiago duten herritarrengandik ikasten duzu. Bestetik, zinegotzi zarenean, 24 orduz zara zinegotzi. Udaletxeko lanak bukatzen dituzu ez dakit zer ordutan, zerbait hartzera edo kirola egitera joaten zara, eta baten bat etorriko zaizu. Kazetari nintzela joan nintzen hitzaldi batean entzun nuen, politikari onenak koadernotxo bat eraman behar zuela beti aldean, gerturatzen zitzaion jendeak esandakoak apuntatzen joateko; asko akordatu nintzen esan horrekin zinegotzi garaian, momentu batean hala ibiltzen hasi ginelako. Urtean behineko astebeteko oporralditxoa ondo etortzen zen deskonektatzeko, baina bestela, ezin zenuen deskonektatu.

Alde horretatik lasaiagoa al da orain duzun lana? Udalean gobernuan egon zinen eta batzar nagusietan oposizioan.

Oso desberdinak dira, oro har, udal bateko lana eta batzar nagusietakoa, baita gobernuan dauden alderdientzat ere. Udalean gauzak egin egiten dituzu, eta debate gutxiago dago batzarretan. Batzar nagusietan diskurtsoa gehiago lantzen da eta jauzi handiena alde horretatik antzeman nuen; hizlarien oholtzara igo eta, agian, ordu erdiko hizketaldia egitea dagokizu, eta ez zaude ohituta. Zure proposamenak aurkezten dituzu, baina batzuetan, sentsazioa da azalpen asko bai, baina egin, ezin duzula egin. Ez da hain politika zuzena; niretzat, nekezagoa izan arren, aberasgarriagoa da udaleko lana. Alde pertsonalari dagokionez, batzar nagusietatik harago Donostian ez nau inork ezagutzen, gobernuko kide ere ez naiz, eta Azpeitira itzultzen naizenean bukatu ditut lanak. Oraindik badago "zu udaletxean zaude, ezta?" galdezka etortzen zaidanik ere, eta egiten dut udaletxekoekin zubi lan hori.

Kazetaritzatik politikara eman zenuen pausoa. Zerk bultzatuta?

Beti sinetsi izan dut politika egunerokoa dela. Kalean, nire kasuan euskalgintzan, edo beste gizarte mugimendu batzuetan, bakoitzak dagokion lekuan egin behar du politika, ez dago erakundeetan egon beharrik. Euskalgintzaren inguruan, Uztarrian, Euskaldunon Egunkarian, Berrian... beti militatu izan dut, eta nik sinesten dudan kontuekin lotutako herri mailako ekimen politikoetan ere beti parte hartu izan dut. Kontzientzia politikoa beti izan dut. Zure ideiengandik eta pentsamenduengandik gertuen dagoen alderdi edo koalizio batetik proposamena egiten dizutenean, hasieran errazena da "ez, ez, ez, a zer marroia" erantzutea; baina, bestetik, denok eman behar badugu eman behar dugun lekuan, ba... Ez dut indibidualismoan sinesten, denoi tokatu behar zaigu eta denok egin behar dugu herriaren alde lan. Gustuko lanean ari nintzen, kazetaritza asko gustatzen zait, baina inplikatzea eskatzen dizutenean... Eta behin baino gehiagotan esan nuen ezetz, e.

Zenbatgarrengoan esan zenuen baietz?

Ba ez naiz ondo akordatzen, baina hiruzpalaugarrenean bai. Erakundeetan ere tokatzen denean inplikatu behar dela uste dut, erantzukizunagatik, baina ez naiz politika erakundeetan bakarrik egiten dela sinesten duten horietakoa. Uste dut Azpeitia horren adibide dela. Kulturalki, gizarte mugimenduetan... erakundeetatik aparte ere, Azpeitiak erantzun egiten du. Jendeari, agian, ez zaio gustatzen politika hitza, eta erakundeekin lotzen dute. Baina niretzat herrigintza ere, komunitatearen alde lan egiten duten guztien inplikazioa, bada politika.

Politikagintza, erakundeak... prestigioa galdu dutela esango al zenuke?

Urteetan, mendeetan ez esateagatik, politika modu batean egin da, eta politika zikindu egin da, gainera. Politikariak eta politika herrigintza gisa ulertzeari utzi eta horretaz baliatu dira batzuk, erakundeen erabilera okerra eginez. Gainera, politika pareta artean egin izan da eta orain ere asko egiten da. Politikariak erakundeetan beren eta gertukoen poltsikoak betetzeko daudenaren ustea hedatu da. Iruditzen zait herrietan eta udal hauteskundeetan oraindik badagoela esperantzarako tartea, jendeak gehiago parte hartzen du eta pertsonak hartzen dira kontuan. Baina krisi hori badago, eta indibidualismoarena ere bai.

Herrietan, hautes zerrendak osatzeko gero eta lan gehiago dituzte alderdiek, eta herrigintzan ari diren taldeetan ere nekeza da lekukoa ematea.

Bai, hori ere badago, eta gizartearen ikuspegitik beste hausnarketa bat eskatzen duela iruditzen zait. Baina Azpeitira begira jarrita, eta Euskal Herrian ere, oraindik badaukagu erreakziorako gaitasuna. Moduak desberdinak izango dira, agian, baina azaro honetan ikusi da, euskalgintzaren mobilizazioan eta, jendea mugitu behar denean mugitzen dela. Elkarteetan presentzialki aritzeko modua aldatu egin da eta asmatu egin beharko da aro digital honetan jendea nola erakarri. Baina Azpeitian, festetan umeentzako bazkariak antolatzen direnean 15-16 urteko gazte piloa ikusten dudanean makarroiak prestatzen... hara! Inplikazioa badago oraindik, hori aktibatzen asmatu behar da.