Buruzai proiektu eolikoaz Sañu Bizirikek aurkeztutako mozioa landuko dute biharko udalbatzarrean

Nerea Uranga 2024ko urt. 15a, 10:24
Azpeitiko udaletxea.

Urtarrileko eta urteko lehen udalbatzarra egingo dute bihar udal ordezkari politikoek, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmena ere onartuko dute biharko udal bilkuran.

Bihar, urtarrilak 16, egingo dute urtarrileko eta urteko lehen ohiko udalbatzarra. 19:00etan hasiko da udal osoko bilkura, udaletxeko batzar aretoan. Hainbat gai landuko dituzte udal ordezkariek biharkoan, besteak beste, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmena onartuko dute, eta Sañu Bizirik taldeak Buruzai proiektu eolikoaren inguruan aurkeztutako mozioa landuko dute.

Hona hemen biharko urtarrileko ohiko udalbatzarreko gai zerrenda:

  • 1- Udalbatzak 2023ko abenduaren 12an egindako akta onartzea.
  • 2- Etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmena onartzea.
  • 3- Buztintzuriko Errebalean eraiki diren udal etxebizitza tasatuen behin betiko kalifikazioa.
  • 4- Alkatetzak 2023ko azaroan emandako ebazpenak onartzea.
  • 5- Buruzai proiektuaren inguruan Sañu Bizirik taldeak aurkeztutako udal mozioa.
  • 6- Galdera eta erreguak.

Azpeitia Berritzenen batzar orokorra ere izango da, eta bilera horretan, Azpeitia Berritzen S.A.ren urteko kontu-auditoretzako zerbitzuak kontratatuaren esleipena onartuko  dute.