Ekin diote Kilometroen urteari, "txikira" egiteko "helburu handiekin"

Nerea Uranga 2023ko abe. 5a, 19:56

Koloretako eguzki lorea da 2024ko Kilometroak jaiaren logoa, eta Izpiz izpi lelopean egingo dute euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza ardatz eta helburu izango dituen jaia. Urte osoko "auzo lan handira" deitu dituzte ikastolako kideak eta herritarrak.

Azpeitiko Ikasberri ikastolak hasi du Kilometroen urtea; 2024ko urriaren 6an ospatuko dute Gipuzkoako ikastolen festa Azpeitian. Soreasu antzokian gaur arratsaldean aurkeztu dituzte Kilometroen logoa –koloretako eguzki lorea da–, Izpiz izpi leloa eta kilometroak.eus webgunea, ikastolako kideen eta herritarren aurrean.

"Txikira" egingo dituzte datorren urteko Kilometroak Azpeitian; "txikitik, baina helburu handiekin" gauzatuko dutela azaldu dute ekitaldian. Hiru helburu edo ardatz zehaztu dituzte: "Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza". 

Hiru helburu horien bueltan osatu dute gaurko aurkezpen saioa, bakoitza hitzez eta ikus- entzunekoen bidez azalduz, eta batetik besterako tarteak musikarekin eta dantzarekin lotuz; besteak beste, Xabi Solanoren Erre zenituzten kantua interpretatu du ikastolako hainbat musikarik osatutako orkestrak, eta Dantza luze dantzatu dute ikastolako helduen dantza taldekoek.

Euskarari lotuta, Kilometroen antolaketa urtea harremanen urtea gertatzen dela adierazi dute, eta jaiarekin Azpeitia euskaraz bizi den herri bat dela erakutsiko dutela azaldu dute: "Sorioneku Azpeitiko Ikastola Ikasberri, sorioneku Azpeitia. Hona euskararen eskua. Euskarak, eguneroko mendez mendeko auzolanak bezala, elkar hartze handi bat eskatzen du Kilometroen antolaketa urtean, harremanen urte gertatzen da nahitaez. Kilometroak jaiak berriro, euskaraz bizi den herri bat erakutsiko du, oraindik ordea, Euskal Herria izatetik urrun dagoena".

Ikastolek euskararen transmisioan eta prestigioan "egiteko historiko erabakigarria" bete dutela eta "lekuko hori hartzeko eta tinko eusteko" erantzukizuna dutela adierazi dute Ikasberriko kideek.

"Besteekin naiz gu"

2024ko Kilometroetako logoari keinu eginez, honela adierazi dute: "Eskua ez al da eguzki txiki bat? Eguzkiak ez al du esku baten antza? Sorioneku: euskararen eskua".

Kulturartekotasunaren inguruko hitzak txineraz azaldu ditu ikastolako guraso batek, eta euskaldunek azpidatzien bidez jaso dute mezua. "'Sorioneku gu' egin zuen aldarri Koldo Izagirrek, horren euskarri gisa jarriz jendetasuna, identitatea eta elkartasuna. Hona eskuaren kultura", adierazi du gurasoak. "Euskaldunak mundura zabalik" egon nahi duela, eta "euskararen uretan bizi eta etengabe noranahiko zubiak nola eraiki ikasten" ari dela entzun ahal izan da txineraz. Horrek, baina, "gauzei begiratzeko era berritu bat" eskatzen duela, eta inorengandik aldendu gabe, zera dela eraiki beharrekoa: "Besteekin naiz gu".

Kulturartekotasunak "lantzeko ertz ugari" dituela azaldu dute ikastolakoek: "Aniztasunak aberastu egiten gaitu, ados, baina ez da erraza kudeatzen. Inoiz, gu zabal bat osatzera heldu nahi badugu, nahitaez ikasi egin beharko da besteak izaten. Denok bagara gu, gu bagara besteak ere".

Herrigintza da Kilometroen jaiko hiru ardatzetako bestea: herrigintza eta ikastolak banaezinak direla uste dute ikastolakoek. "Herria eta hezkuntza hain sakon uztartu dituen errealitate beti konplexu eta askotan eder gertatzen den hori. Sorioneku Kilometroak".

Herrigintza "ernea" eta "ezikusia egingo ez duena" aldarrikatu dute Kilometroen antolatzaileek: "Baina herrigintza erne bat gabe mereziko al luke? Indarkeria matxistaren aurrean, gerraren eta genozidioaren aurrean, arrazakeriaren eta esplotazioaren aurrean, injustizia handi eta txikien aurrean ezikusia egingo ez duen herrigintza bat gabe, zertarako hainbeste neke?".

"Herria da gorputza, hizkuntza bihotza" gogorarazi dute, eta hizkuntza ez ezik, "hezkuntza ere bihotza" dela adierazi: "Jakin-minaren sua zabalduz, jendartean jakinduria humanistaren sokari segida eman".

"Munduan herritartasun libreko nazio bat osatzeko gogoak mugitzen du euskalduna, munduko herri bat. Inork berezitzat seinalatu beharrik gabe biziko dena", esan dute.

Logoa eta leloa

2024ko Kilometroen irudiaren eta leloaren nondik norakoak Igor Aranbarri eta Amaia Mendizabal ikastolako Artezkaritzako kideek azaldu dituzte. Eguzki lorea da logoa: "Eguzki lorearen hosto guztiak ezberdinak dira, baditu luzeak eta baditu txikiak, baita zabalak eta estuak ere. Batzuk okerrak dira eta besteak oso zuzenak, zaharrak berriez inguratuta daude, eta zimelek freskoak biltzen dituzte, baina denak dira beharrezkoak lore eder hau osatzeko". Azpeitian bizi den norbanako edo kolektibo bakoitza hosto horietako bana dela esan dute, eta denei dagokiela euskara "elkarren ondoan eta elkarlanean zaintzea". Elkarlanari esker, "hazi berriak, ikasle eta hiztun berriak" aterako direla gaineratu dute.

Kilometroen urtea "harremanen urtea" izanik, zubiak eraikitzeko nahiz elkarlanean eta auzolanean aritzeko dela nabarmendu dute: "Ezberdintasunak errespetatuz batzen gaituena indartzeko urtea izatea nahi dugu". Horretarako, herriko eragileekin "izpiz izpi lanean" jardutea nahi dute. "Duela bi aste lekukoa izpiz izpi iritsi zen gure ikastolara, eta gure ikastolatik zabaldu nahi dugu herrira".

Logoaren eta leloaren berri eman ondoren, orain gutxi istripuz hil zen Andoni Garaizar ikastolako gurasoa eta Artezkaritzako kidea izan dute gogoan, baita 2024ko Kilometroak abiatzeko lehen pausoetan hark egindako lana ere. "Berak lagundu zuen Kilometroetako urtea abiatzeko eta helburuak zehazteko lanean. Noraezean geundenean, berak argitu zigun bidea".

Kilometroen urtea hasi dute, eta jaiegun handira bitartean, auzolan handirako nahiz gozamenerako deia egin diete ikastolako kideei eta herritarrei. "Asko dugu egiteko. Elkar hartuta, eskuz esku, pausoz pauso, izpiz izpi, goza dezagun bidea!", deitu ditu herritarrak Kilometroen antolaketarako Olatz Prat ekitaldiaren aurkezleak.

Bihartik Kilometroetako denda zabalik

2024ko Kilometroetako denda bihar, abenduak 6, zabalduko dute Azpeitiko plazan; lehen Ekindarren bulegoa izan zen tokian egongo da. Asteburu honetan hiru egunetan irekiko dute: bihar, etzi eta zapatuan. Honako ordutegian egongo da zabalik egun horietan: 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.