San Silbestre proba nagusirako dortsal guztiak agortu dira

Nerea Uranga 2023ko abe. 4a, 09:13
Iazko San Silbestre lasterketa. (Andoni Elduaien)

Urtezahar eguneko sei kilometroko probarako ateratako 900 dortsalak agortu dira, baina 3 kilometroko probarako oraindik eskuragarri daude. 6km/6 esaldi ekimena jarri du martxan Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeak.

Urtero bezala, Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeak antolatuta, San Silbestre lasterketa egingo da Urtezahar egunean, festa eta kirola uztartuz. Aurtengoa 22. edizioa izango da.

Hiru proba izango dira egun horretan Azpeitian jokatuko direnak. 11:00etan, proba inklusiboa egingo da plazatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan. 11:30ean, berriz, 12 urtetik gorakoentzako 3 kilometroko proba egingo da, plazatik hasita. 12:00etan hasiko da 6 kilometroko proba nagusia. "Iazko probaren antzeko ibilbidea izango du, baina lehen sailkatuek atzetik harrapatzeko tartea handitu egingo da, eta bukaeran ere, bideak zatitu egingo dira", azaldu dute Xeyekoek.

Lasterketa nagusirako dortsalak, ordea, agortu egin dira dagoeneko. Antolatzaileek adierazi dutenez, zapaturako bukatu ziren proba nagusirako ateratako 900 dortsalak. Dena den, 3 kilometroko probarako dortsalak oraindik badaudela gogorarazi dute. "Proba motzerako nahiko dortsal geratzen dira, baina hamazortzi kamiseta bakarrik daude eskuragarri, 850 ale atera baititugu", adierazi dute. 3 kilometroko proba 12 urtetik gorakoentzako da, eta lehen kilometroa "kontrolatuta" egingo dute, "gaztetxoen osasuna zaintzeko".

6km/6 esaldi lehiaketa martxan

Aurtengo Urtezahar eguneko lasterketari begira, ekimen berri bat abiatu du Xeye atletismo taldeak: 6km/6 esaldi da hori. Lehiaketa eran egingo dute, Ondo bukatu, hobeto hasi! lelopean. Lelo hori edota urteari bukaera on bat emateko balioko duten esaldiak bidali beharko dira helbide honetara. Gero, jasotakoen artean sei esaldi onenak aukeratuko dituzte. Esaldi horietako bakoitza probaren kilometro puntu bakoitzean jarriko dute, baita banatuko dituzten garaikurretan ere. Abenduaren 15era bitartean jasoko dituzte esaldiak, eta aukeratuta sei esaldien egileek bi pertsonentzako afari bonu bana jasoko dute Azteko tabernetan afaltzeko.