Lurra "ondasun kolektibo" bilakatzeko helburuarekin abiatu dute Amillubi Lurra Taupaka proiektua

Nerea Uranga 2023ko abe. 2a, 20:19

Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren aurkezpenean bildutako herritarrak, atzo Azpeitiko Azoka Plazan.

Biolur elkarteak Urola Kosta eskualdean sustatutako egitasmoa da, eta epe motzerako duen erronka Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erostea da, "herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak" izan ditzaten. Azpeitiko Azoka Plazan jakinarazi dituzte proiektuaren nondik norakoak.

Biolur elkarteak Urola Kostako eskualdean "nekazaritza iraunkorraren aldeko" Amillubi Lurra Taupaka egitasmoa abiatu du, bi urteko aurreko lanaren ondoren. Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten proiektu berriaren helburuak eta aurrera begira egin asmo dituzten urratsak, Azpeitiko Azoka Plazan egindako ekitaldi irekian; dozenaka herritarrek eta eragiletako ordezkarik parte hartu zuten. Azpeitiko ekitaldiaren aurretik, proiektuari babesa eskaini dioten eragileekin argazkia atera zuten Zestoako Iraetako Amillubi baserriaren lurretan.

Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren bidez, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko ibilbideari ekin dio Biolurrek, "lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babesteko asmoz, eta lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzeko helburuarekin".

Zestoako Iraetako Amillubi baserriaren lurretan atzo, Amillubi Lurra Taupaka egitasmoko eragileak. (Biolur)

Urola ibaiaren meandroan dago kokatuta Amillubi baserria, Zestoako Iraeta auzoan. Lur horiek nekazaritzarako "oso aberatsak" direla adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek: "Amillubiko lurrak meandro batean egoteak berezi egiten ditu, eta adituen arabera, balio agroekologiko handiko nekazal lur, belardi eta basoak dira: 25.000 metro koadroko nekazal eremua dauka, 15.000 metro koadroko belardi naturala eta 50.000 metro koadroko basoa". Biolurrek uste du esku artean duela "ondare hori kalitatezko elikagaiak sortzeko babesteko aukera".

Esku artean duen aukerari ihes egiten utzi gabe, ekiteko garaia dela erabaki du Biolurrek. Hala azaldu du: "Urtez urte, nekazal lurrak eta baserritarrak abiadura larrian galtzen ari garela ikusteak kezkatu egiten gaitu, eta ekiteko garaia da". Urola eskualdean abiatuko duten proiektuarekin "nekazaritza aukera erreala" dela erakutsi nahi dute: "Baserriei lotutako ekonomia sare dinamiko bat garatzen jarraituz eta balioa emanez herrietako zein hirietako biziari egiten dion mesedeari".

Finantzaketa kolektiboa

Horretarako, herritarren zein eragileen laguntza ezinbestekoa duela azpimarratu du Biolurrek proiektua aurkezteko orduan. Amillubi baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko urratsak egin nahi dituzte, eta horretarako hainbat bitarteko prestatu dituzte. Guztira, 390.000 euro behar dituzte erosketarako eta baserria konpontzeko.

Amillubi Lurra Taupaka proiektuari buruzko informazioarekin amillubi.eus webgunea prestatu dute, eta atari horretan diru ekarpenak egin daitezke egitasmorako. Atzotik abian dute diru bilketa. "Biolur eta Coop57 fundazioaren lankidetzari esker, Interneten euskarri berezia prestatu dugu herritarrek diru ekarpenak egin ahal izateko, honako helbidean: https://amillubi.coop57.coop

Biolurreko kideak Amillubi Lurra Taupaka proiektua aurkezten, atzo Azpeitiko Azoka Plazan. (Nerea Uranga)

Finantzaketa kolektiboaren bidez 150.000 euro bildu nahi ditu Biolurrek, Amillubi baserria erosteko lehen ordainketak egin ahal izateko. Horrez gainera, bono laguntzak atera dituzte ekarpenak jasotzeko, eta bono laguntzekin Amillubiko koadernoak, orri-markatzaileak eta eskuz egindako platerak eskuratzeko aukera egongo da. Boletoak ere jarriko dituzte saltzen, eta Biolurreko ekoizle sarearekin lankidetzan, beraien produktuak erostean Amillubi proiektuari laguntzeko pegatinak diseinatu dituzte.

Lurzaindiaren arrastoari segika

Biolurrek aurkeztu berri duen proiektuaren helburu nagusia Amillubi "ondasun kolektibo bilakatzea" da, eta horren bitartez honako bideak jorratzea: "Herritarrek bertako eta osasuntsuak diren elikagaiak eskuratzea, nekazariek lurrak modu duinean lantzeko aukera izatea, lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestea, eta lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzea". Biolurreko kideek honakoa nabarmendu dute Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren aurkezpen ekitaldian "Amillubik Euskal Herrian nekazaritza herrikoi eta iraunkorra eraikitzen parte hartu nahi du, iparraldeko Lurzaindiaren lorratzari jarraituz".