Euria goian behean, zezena atera dute Landetako San Eloi jaietan

Nerea Uranga 2023ko abe. 2a, 18:08

Ostegun iluntzetik San Eloi festak ospatzen ari dira Landeta auzoan. Gaur, zapatua, 44 urteren ondoren, sokamuturra izan da arratsaldean. Eguerdian, berriz, ardi txakur erakustaldia egin dute hiru artzainek.

Ostegun iluntzean hasi zituzten San Eloi festak Landetan. Aurten, hainbat berrikuntza txertatu dituzte jaietako egitarauan; esaterako, 44 urteren ondoren sokamuturra egin dute auzoan, eta gaur eguerdian egin duten ardi txakur erakustaldia ere berria izan da.

Bai goizez, baita arratsaldez ere euria gogotik egin du, eta ateruneak izan badira ere, blai ederra hartu dute zezenean ibili direnek.

Eguerdian ardi txakur erakustaldian parte hartu duten artzainak hiru izan dira: Gaizka Etxaniz azkoitiarra Jai eta Laster txakurrekin, Manuel Gorriti aizarnazabaldarra Turbo eta Izar txakurrekin eta Inazio Etxeberria Kortzu matxinbentarra Mix txakurrarekin. Erakustaldia hasi aurretik aterunea izan da, baina artzainak lanean hasi orduko hasi du euria gogor. Bertaratu direnek aterpetik jarraitu behar izan dute artzain eta txakurren lana.

Arratsaldean ere euria gogor egin du, eta Albara ganadutegiko zezenekin ibili direnek blai ederra hartu dute. 44 urteren ondoren berreskuratu dute sokamuturra Landetan.

Zezenak erretiratu ondoren ere, festak segida izango du Landetan bihar arratsaldera arte.

Egitaraua:

  • Gaur, zapatua.
    - 18:30. Auzo triki poteoa.
    - 21:00. Auzo afaria. Txartelak salgai daude Mendizabal erretegian.
    - Ondoren, erromeria Hitzeder, Montte eta Aizpurutxo trikitilariekin.

  • Bihar, igandea.
    - 12:00. Umeentzat poniak. Lopene ganadutegia.
    - Goiz guztian zehar, Eneko Arbeo eta Attola trikitilariak.
    - 13:00. Herri kirolak. Aizkoran elkarren kontra txanda librean ariko dira Otaño-Xuban Kañamares, Larrañaga-Mendizabal eta Patxi Mindegia-Txikia IV.a. Harri jasotzen marka saiakerak egingo dituzte Jon Unanue Goenatxo III.ak 220 kiloko harriarekin, Xabier Aranburu Guztak 230 kiloko harriarekin eta Olaia Esnaolak 100 kiloko zilindro zaharrarekin. Ondoren, motozerrarekin erakustaldia izango da.