Azaroak 25

Askotariko ekintzak eta protestak izango dira Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren bueltan

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 22a, 17:11

Ikasle Abertzaleek, Itaiak, mugimendu feministak eta Azpeitiko Udalak hainbat deialdi egin dituzte azaroaren 25aren harira. Besteak beste, hitzaldiak, kontzentrazioak eta manifestazioa izango dira datozen egunetan. 

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta urtero bezala hainbat jarduera eta mobilizazio antolatu dituzte egun horren bueltan. Aurten, larunbatez izango da emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, baina hala ere, aste honetan nahiz hurrengoan izango da aldarrirako tartea. Ikasle Abertzaleek, Itaiak, mugimendu feministak eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzte deialdiak azaroaren 25aren harira. 

Ostiralean, Ikasle Abertzaleak antolakundeak hitzaldia egingo du 10:30ean Azoka Plazan. Ondoren, 11:30ean, elkarretaratzea egingo dute plazan, Indarkeria Matxistaren aurrean, ikasle langileon antolakuntza lelopean. 

Larunbatean, azaroaren 25ean, bi deialdi egongo dira. Aurrena, 12:00etan, elkarretaratzea egingo du mugimendu feministak, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarri. Ondoren, Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren mobilizazioa izango da, 13:30ean, Azpeitiko plazatik hasita. Itaiak, Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki aldarria aterako du kalera.  

Hurrengo astean ere izango dira ekintzak azaroaren 25ari lotuta. Horien artean, Lumaltik Herria taldearekin elkarlanean, Deskolonialitatea, gorputz-lurraldea defendatzeko hitzaldia antolatu du Azpeitiko Emakumeen Mahaiak azaroaren 29rako. Gai horri heltzeko Micaella Carbajal Hondurasko mugimendu feministako kide eta abortuaren despenalizazioaren aldeko plataformako partaidea gonbidatuko dute Emakumeen Txokora. Hitzaldia 18:30ean hasiko da.  

Abenduaren 11n, berriz, Genero indarkeria adineko emakumeen kontra: ezkutuko errealitatea ezagutzen hitzaldia eskainiko du Pepa Bojok Baigerako aretoan, 17:30ean hasita.